Ekainaren 10ean irekiko da aurten Lazkaon estaligabeko igerilekuen denboraldia, irailaren 10era arte. Igerilekua erabili nahi duenak bazkidetza egin beharko du kiroldegian. Bost bazkidetza mota daude.

Joxemiel Barandiaran udal kiroldegiko urteko bazkidetzak berritzeko edo aldaketak egiteko azken eguna ekainaren 30a izango da. Hala, bazkidetza motan aldaketaren bat egin nahi dutenek, ordainketa helbideratu nahi dutenek edo baja eman nahi dutenek hilaren amaiera arteko epea izango dute.

Lazkaoko Udalak antolatuta, LazkaOn merkataritza elkartearekin eta Kontsumobiderekin elkarlanean, kontsumoari buruzko ikastaroa egin dute herriko hainbat merkatarik. Salerosketa batean parte hartzen duten bi aldeen artean sortu daitezkeen kontsumo gatazkak aurreikusteko eta konpontzeko bideei buruzko azalpenak jaso zituzten bertaratutakoek. Parte hartzaileek ikastaroari buruzko balorazio positiboa egin zuten.

Hirigoien kaleko 34 zenbakiko atariaren parean dagoen autobus geltokian hainbat berritze lan egin dira, erabiltzaileen irisgarritasuna hobetzeko helburuarekin. Autobus geltokiaren pareko espaloi zatia berritu egin da, orain arteko koska kendu eta erabiltzaileak autobusera errazago igotzeko.

Barianteko lanak direla eta, gaurtik aurrera, astelehena, bi norabideetako trafikoa semaforo bidez zuzenduko da, txandakatuz, Maizpide euskaltegiaren parean. Lan hauen iraupena astebetekoa izatea aurreikusten da.

Aste amaierarako, berriz, eta eguraldiaren arabera beti ere, ibilgailuak errepidearen trazatu berritik desbideratuko dira. Aldaketa egindakoan, bi noranzkoetan errepidea irekita egongo da.

Errepidean jarriko diren seinaleei eta bertan lanean ari diren langileei kasu egiteko eskatzen da, sor daitezkeen arazoak ahalik eta arinenak izan daitezen eta istripuak saihesteko.

 

 

Areriako zine denboraldia amaitzera doa. Datorren astean (ekainak 3 eta 4) ikusi ahalko den "Nur eta herensugearen tenplua" pelikularen estreinaldia izango da denboraldiko azken emanaldia. Helduei zuzendutako emanaldiak, berriz, asteburu honetan (maiatzak 27-29) bukatuko dira, "El círculo" pelikularekin. Urritik aurrera hasiko da berriz zine denboraldia Arerian.

Ekainaren 2an estreinatuko dute "Nur eta herensugearen tenplua" pelikula Euskal Herriko hiriburuetako zinemetan. Lazkao ere estreinaldien artean egongo da, eta ekainaren 3an (larunbata) eta 4an (igandean) ikusi ahal izango da pelikula Arerian.

Lazkaoko Udalak ohiko osoko bilkura egingo du asteartean, maiatzak 30, 19:00etan, udaletxeko batzar aretoan.

Intxustitik Lazkaomendiko ur depositora iristen den ura oraindik gehiago garbitzeko filtrazio sistema bat jarri da auzoko depositoan. Orain arte urak osasun baldintza guztiak betetzen bazituen ere, une batzuetan uraren kolorea ez zen egokiena. Filtrazio sistema aldatuta, orain arteko arazoa konpontzea espero da. Deposito honetatik Lazkaomendiko baserrietara ura bideratzen da. Lanen kostua 18.000 euro ingurukoa izan da.

Haurrei eta gaztetxoei zuzendutako bi kanpaina antolatu ditu aurten ere Lazkaoko Udalak. Batetik, Haur Hezkuntzako 3.mailatik Lehen Hezkuntzako 6. mailara arteko ikasleei zuzenduta aisialdi zerbitzua egongo da. Eta bestetik, Haur Hezkuntzako 3. mailatik Batxilergora arteko gaztetxoentzat udako kirol kanpaina.

San Inazio eta Jose Lasa kaleen arteko zubia zabaltzeko lanak egiten hasi dira. Lan nagusiak egin ahal izateko ingurua prestatzen hasiko dira, eta horretarako, San Inazioko etxeen eta Agauntza ibaiaren arteko errepidea itxi egin beharko da. Beraz, ezingo da bertatik igaro eta ezingo da bertan aparkatu.

Honakoak dira izen emateko bideak (gainean klik eginda) 

UDAKO KULTUR IKASTAROAK

Udako Kultur Ikastaroetan izen ematea: https://forms.gle/Fg7NmR6T4rJf63m39

UDAKO KULTUR IKASTAROAK 1

Udako kirol ikastaroetan izen ematea: https://forms.gle/aYUDYEZcrF7fsew67

UDAKO KULTUR IKASTAROAK 2

Udako aisialdi zerbitzuan izen ematea: https://forms.gle/SyVPYUqNLwSuXdkA9

2015ean hasitako bideari jarraituz, Lazkaoko Udalak herriko ur kontagailuen parkea berritzen jarraitzen du. Lau urteko plangintza izango da, 2015etik 2018ra bitartekoa, eta urte tarte horretan aldatuko dira kontagailuak. Aurten 198 kontagailu aldatuko dira guztira, eta datorren astean hasiko dira lehen aldaketak egiten.

 

Lazkaoko Udalak, LazkaOn merkataritza elkartearekin eta Kontsumobiderekin elkarlanean, kontsumoari buruzko ikastaroa antolatu du bai herritar kontsumitzaileentzat eta baita herrian negozio bat duten edozeinentzat ere, egokia ikusten baita salerosketa batean parte hartzen duten bi aldeek ezagutza bat edukitzea.

Herriguneko festak amaituta, Lazkaomendiko festen txanda izango da asteburuan. Larunbatean eta igandean dituzte festak auzoan. Honako egitaraua prestatu da bi egunetarako (deskargatu egitaraua).

San Prudentzio festetan egindako etenaren ondoren, zine emanaldiak berriro hasiko dira asteburu honetan Arerian. Helduntzako saioetan "Manchester frente al mar"  filma ikusi ahalko da, eta haur eta gaztetxoentzako saioetan "El bebe jefazo".

Zine emanaldiak maiatzaren amaiera arte egongo dira. Aurten haurrei zuzendutako saioak ere maiatzaren bukaera arte luzatuko dira. 

2017ko ekitaldiari dagokion Iparra-Hegoa lankidetza programak antolatu eta garatzeko diru laguntzak emango ditu aurten ere Lazkaoko Udalak. Ekainaren 14ra arteko epea dago eskaerak egiteko. Eskaeraren imprimakia udaletxean aurkeztu beharko da, eskatzen duen erakundea ordezkatzeko lege-gaitasuna duen pertsonak sinatuta eta proiektu bakoitzari buruzko informazioa behar bezala beteta. Eskaera imprimakia udaletxean edo lazkao.eus helbidean eskura daiteke.

Lazkaoko Udaleko Berdintasun Batzordeak eraso sexistei aurre egiteko protokoloa egin du. Halako protokolo baten beharra ikusi zuten batzordean, eta teknikarien eta Goierriko Zubia kolektiboarekin elkarlanean osatu dute. Hainbat eredu kontuan hartuta, Lazkaora egokitzen dena egin dute elkarrekin. Jaietako lehen asteburuaren ondoren, gaur hasiko den bigarren txanpan ere Lazkaoko Udalak eraso guztiak gaitzesten dituela gogoratu nahi da.

Eraso sexistez eta sexu-orientazioa edo genero-nortasuna oinarri duten erasoak hartu dituzte kontuan protokoloa idazteko.

Hemen eskuratu daiteke protokoloa.

San Benito Ikastolako ikasleak izan dira aurten ere San Prudentzio festetako egitarauko azala egiteko lehiaketan parte hartu dutenak. DBHko 3. mailako ikasleek diseinatu dituzte azalak, binaka, taldean, edo banaka, eta guztira 65 izan dira parte hartu duten ikasleak. 38 lan aurkeztu dituzte sariketara.

Korrontzi eta Oin Arin dantza taldeek emanaldia egingo dute maiatzaren 19an, ostirala, Lazkaon, Areria kultur gunean. Bi saio izango dira, lehena 19:00etan eta bigarrena 22:00etan. Bi ikuskizunetarako sarrerak udaletxean daude salgai, 7 euroan.

Korrontzi eta Oin Arin:

  • Noiz: maiatzak 19, ostirala
  • Emanaldiak: 19:00etan eta 22:00etan
  • Non: Areria aretoan
  • Sarrerak: udaletxean, 7 euroan

 

 

Iritsi dira aurtengo San Prudentzio festak. Bihar, ostirala (apirilak 21), hasiko dira festak, eta maiatzaren 7ra arte (igandea), bukatuko dira. Herrigunean izango dira ekintza nagusiak apirilaren 21etik maiatzaren 1era arte, eta hurrengo asteburuan, maiatzaren 6an eta 7an, Lazkaomendin.

Beste urte batez, egitarau oparoa antolatu da herriko elkarteen laguntzarekin eta partaidatzarekin, herritarrek eta kanpotik bisitan datozenek ahalik eta gehien gozatu dezaten (ikusi egitaraua hemen klikatuta: egitaraua)