LABIren Batzorde Teknikoak gomendioen dokumentu bat egin du prebentzio-neurriak zorroztasun handiagoz betetzeko. Lazkaoko Udalak bere egiten ditu gomendioak eta herritarrei beste behinondorengo gomendioak zorrotz betetzeko eskatzen die.

Jarrera indibiduala

1. Eskuen garbitasuna, maskara, distantzia soziala eta bizikidetza egonkorreko taldetik kanpoko gizarte-topaketak mugatzea. Ezinbestekoa ez den eta atzeratu daitekeen edozein familia- edo gizarte-jarduera bertan behera uztea edo atzeratzea. Ahal den neurrian, barne-eremuetako gizarte-topaketak bizikidetza-talde egonkorrera mugatzea eta gizarte-elkarreragineko jarduerak ondo aireztatutako espazio irekietan egitea funtsezko prebentzio-neurriak dira, eta pertsona bakoitzaren menpe daude, eta une honetan areagotu egin behar dira. Banakako erantzukizunaren ildo beretik, herritarrei gomendatzen zaie erakundeek aktibatu dituzten APPak erabiltzea kasuen, kutsatzeen eta miaketaren jarraipena errazteko.  

2. Banakako konpromiso-neurrien artean, garrantzi berezia dute autoisolamenduak eta autoorraste prebentiboak, COVID 19aren infekzioarekin bateragarria den edozein sintoma izanez gero. Sintomarik izanez gero, osasun-zerbitzuari jakinarazi behar zaio. Une horretatik aurrera, eta testa egin arte itxaron gabe, jarrerarik arduratsuena eta gizalegezkoena berehalako autoisolamendua da, eta azken bi egunetan izan ditugun kontaktu estuen zerrenda egitea (autorrastreoa), hala badagokio, mediku-zerbitzuetatik edo miaketa-zerbitzuetatik jasotzen diren oharrak jarraitzeko. Zorroztasun-jarrera bera izan behar da testaren emaitza iritsi bitartean eta emaitza jaso ondoren.

Bilerak
3. Familiako edo lagunen bilkurak edo ospakizunak ahalik eta gehien murriztea gomendatzen da. Kasu honetan, kontua ez da bildu daitezkeen pertsonen kopuruaren muga errespetatzea. Autolimitazio arduratsuaren printzipioa aplikatu behar da. Topaketa horiek atzeratzea edo ez egitea da kontua, egoera epidemiologikoa arrisku handikoa den bitartean.

Ostalaritza
4. Ostalaritzako espazioak erabiltzea futbol-partidak edo beste edozein kirol-ekitaldi edo bestelako ekitaldi taldean ikusteko, birusa transmititzeko arrisku handiko testuinguru objektiboa da.

5. Berriro azpimarratu behar da maskara behar bezala jarrita egon behar dela uneoro taberna, jatetxe edo ostalaritza-establezimendu batean gaudenean. Edaria edo janaria hartzen denean baino ezin da erretiratu. Testuinguru horietan maskara erabiltzean sortzen den erlaxazioa infekziorako arrisku-foku objektibo eta aproposa da.

Kirola
6. Kirol-instalazio itxiak arrisku-guneak dira. Prebentzio-neurriak zorroztea gomendatzen da. Bereziki, gimnasioetan eta kiroldegietan aldagelak ez erabiltzea gomendatzen da. Ez da gomendagarria publiko gisa ingurune itxietako lehiaketetara joatea. Gogorarazi eta azpimarratu da kiroldegi, gimnasio eta aldageletako kirola maskararekin egin behar dela, eta gehienez ere sei pertsonako taldeetan antolatu behar dela, ezarritako gutxieneko distantziarekin.

Beste eremu batzuk
7. Espazio itxiak etengabe aireztatzea, airea berrituz, prebentzio-neurri eraginkorra da. Edonola ere, hori betetzea gomendatzen dugu, eta, bereziki, sotoetan edo erdisotoetan kokatutako lokaletan edo aireztapen txarra dutenetan. Testuinguru horietan, airea berritzeko aireztapena areagotzeaz gain, distantzia, garbitasuna, gehieneko edukiera eta maskara erabiltzeko prebentzio-neurriak zorroztu eta protokolizatu behar dira.

8. Arriskuko eremua dira unibertsitateetako ohiko elkarguneak (korridoreak, atondoak) eta tabernak. Gune horietako egonaldia eta joan-etorria arautzeko protokoloak zorroztea eskatzen da, eta erabiltzaileei gomendatzen zaie prebentzio-neurriak bereziki zaintzea: distantzia, maskara erabiltzea, garbitasuna eta harreman gutxi eta ez oso jarraitua taldeetan.

9. Garraio publikoaren erabilerari dagokionez, pilaketak saihestea gomendatzen da, batez ere puntako orduetan. Horretarako, oso komenigarria da garraio-maiztasuna eta unitate-kopurua handitzea ordutegi-tarte horietan.

10. Halaber, gomendatzen da hori posible den enpresetan telelana eta ordutegi irristakorrak sustatzea (malgutasuna sarrera- eta irteera-orduetan).