Aurten ere Lazkaoko Udalak mozorro lehiaketa antolatu du San Prudentzio festen barruan. Mozorro desfilea eta lehiaketa egingo dira, eta bertan parte hartzeko izena eman beharko da aurrez udaletxean. Bihar, asteazkena, apirilak 19, amaituko da izena emateko epea. Parte hartu nahi duten lagunek izen emate orria udaletxean utzi behar dute. Larunbatean, apirilak 22, da mozorro eguna.

San Prudentzio festak direla eta, plaza alboko aparkalekua hustuta egon behar da astearte arratsalderako. Beraz, astelehenetik aurrera bertan autorik ez uzteko eskatzen da.

 

 

Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi digunez, estolderiaren gaineko tasak hemendik aurrera BEZ-a izango du. Neurri honek gaur egun estolderiagatik ordaintzen den kopuruan eraginik izan ez dezan, estolderiaren gaineko tasa murriztea erabaki du Lazkaoko Udalak. Beraz, BEZ-aren aplikazioak suposatuko lukeen %10eko igoera gerta ez dadin, estolderiaren gaineko tasa %10 jaistea erabaki du udalak.

Aste Santuko opor egunen bueltan, honako ordutegia izango dute Lazkaoko udal liburutegiak, udaletxeak eta Joxemiel Barandiaran kiroldegiak:

LIBURUTEGIA:

  • Apirilak 10-11-12 (astelehenetik asteazkenera) ohiko ordutegia, 16:30etik 20:00etara
  • Apirilaren 13tik 17ra (ostegunetik astelehenera) itxita.
  • Apirilaren 18tik 21era (asteartetik ostiralera) goizez, 10:00etatik 13:00etara.

UDALETXEA:

  • Apirilaren 13tik 17ra (ostegunetik astelehenera) itxita.
  • Gainerako egunetan ohiko ordutegian, goizez eta arratsaldez.

KIROLDEGIA:

  • Apirilak 13 eta 14 (osteguna eta ostirala) eta apirilak 17 (astelehena) 09:00etatik 13:30era.
  • Apirilak 15 eta 16 (larunbata eta igandea) itxita. Bi egun hauetan Ordiziako Majori kiroldegia erabili ahal izango dute Joxemiel Barandiaran kiroldegiko bazkideek, 08:30etik 14:00etara bitarteko ordutegian. Majori kiroldegira joandakoan agiri identifikagarri bat erakutsi beharko da, bertako langileek bazkideen zerrendan bilatu ahal izateko.
  • Haurren igeriketa ikastaroa izan ezik, gainerako ikastaro guztiak normaltasunez emango dira.

 

Aitorpena Euskarari kanpainarekin bate gin du aurten ere Lazkaoko Udalak. Euskaraz egiten diren errenta aitorpenen kopurua haztea da helburua, errenta aitorpenaren kanpainan iaz baino herritar gehiagok deklarazioa euskaraz egin dezan.

Kanpainaren barruan, oinarrizko informazioa biltzen duten esku orriak banatuko dira etxez etxe, eta herriko toki jakin batzuetan ere eskuragarri jarri dira. Lazkaoko datuei dagokionez, errenta aitorpena euskaraz egiten dutenen kopuruak gora egin du azken urteetan. 2009an, deklarazioen %15.52 egin ziren euskaraz, 2012an %22.15 izan ziren eta 2015ean %27.01.

Euskaltzaleen elkarteak, liburutegi publikoek, liburu dendek eta udalek elkarlanean martxan jarritako jegitasmoa da Irakurri, gozatu eta oparitu proiektua. Irakurzaletasuna bultzatzea eta literaturarekin gozatzea eta gozaraztea da helburua. Orain arte bezala, Lazkaoko Udala, udal liburutegia eta Gerriko liburu denda egitasmoa parte hartzen ari dira. Maiatzaren 31n amaituko da proiektua.

Willson&Willsonetis taldeak ostiralean, apirilak 7, Arerian egin behar zuen kontzertua bertan behera geratu da. Dagoeneko sarrerak erosi dituztenek udatxelean itzuli ditzakete. Sarreraren dirua itzuliko zaie denei.

20. Korrika Euskal Herrian barrena dabil euskara lau haizetara zabaltzen. Lazkaora larunbat goizean iritsiko da, baina aurretik hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Bihar, osteguna, 15:00etan, Korrika Txikia egingo dute, eta jolasak ondoren.

Ostiralean buruhandiak egongo dira 17:30ean eta larunbatean 07:30ak alderako dago aurreikusita Korrika Lazkaora iristea.

Azken urteetan modu espontaneoan haziz joan da San Prudentzio jaietako mozorro egunean karrozen, ibilgailuen eta jaimen erabilera; eta horrekin zarata arazoak eta istripuak gertatzeko arriskuak ere bai. Horregatik, aurtengo mozorro egunerako horrelako zein elementu erabiliko den aurreikuspena egin nahi da, zerrenda bat osatu eta zein nuerri hartu behar diren eta zein baliabide bidereatu behar diren zehazteko.

Festak denontzat festa izan daitezen, guztion inplikazioa behar da. Horregatik, zuen laguntza eskatzen da. Jaima edo karroza erabiltzeko asmoa baduzue, bete izen emate orria eta utzi udaletxean ostirala baino lehen. Izen emate orria udaletxean bertan ere eskura daiteke.

Lemniskata elkarteak antolatuta, "CAF, mende bat burdinbidearen zerbitzura" erakusketa ikusi daiteke ostiralera arte kultur etxeko erakusketa aretoan. 15 paneletan banatuta, CAFen historia laburbiltzen duten 130 argazki ikusi daitezke erakusketan.

 

Lazkaoko Udalak eta Lazkaon merkataritza elkarteak aurtengo ekintzen plangintza zehaztu dute, eta iazko bidetik, aurten ere elkarlanean aritzeko lankidetza hitzarmena berritu dute. Elkarlan horretatik sortutako ekintzek oso harrera ona izan zuten iaz, eta herritarrek eta merkatariek balorazio oso ona egin zuten. Hala, aurten ere herriko merkataritza sustatzen eta indartzen jarraitzeko akordioa sinatu dute gaur udaletxean.

E.A.Eko Saharar Ordezkariek eta Saharar Herriaren Lagunen Elkarteak antolatuta, "Oporrak bakean" egitasmoa jarriko dute aurten ere martxan. Iaz 108 haurrek igaro zuten uda Gipuzkoako familietan, eta aurten ume kopuru berdina hartzea da helburua.

Lazkao Txiki bertsolaria hil zela 24 urte dira aurten, eta urtero bezala, Lazkaoko herriak Lazkao Txiki Gogoan ekitaldia antolatu du. Igandean izango da, Lazkao Txiki Zelaian, 12:30ean.


Oin Arin dantza taldeak, GoiBE Goierriko Bertso Eskolak, Lazkao Txiki musika eskolak, Gerriko kultur elkarteak eta Lazkaoko Udalak elkarlanean antolatu dute ekitaldia.

Goierriko eskaintza turistikoa donostiarren eta gipuzkoarren artean ezagutzera emango du Goiturrek datozen egunetan “Eskualdeen txokoa, 10 hilabete 10 eskualde” egitasmoaren barruan. Ostiralean, martxoak 31, hasi eta datorren aste guztian zehar, eskualdeko eskaintza turistikoak leku berezia izango du San Sebastian Region bulegoan, bertara gerturatzen direnei Goierriko informazioa zuzenean eta modu zehatzean emateko.

 

Eskualdeko 11 museotako ordezkarik eta Goierri Turismoko arduradunek Goierriko eskaintza eta baliabide turistikoak azalduko dizkiete bisitariei.

 

Felix Urkola Lazkaoko alkatea eta Goiturreko lehendakariak eta Niko Osinalde Goiturreko zuzendariak azaldu dutenez, “Goierri produktu anitzeko helmuga turistikoa da, gastronomia tradizionala, paisaia legendarioak eta hainbat mendetan historiak utzitako kultura jasotzen duten 11 museo eta interpretazio zentro dituena”.

 

Bihar, osteguna, martxoak 30, sektoreko ordezkariei eskualdearen eta bertako eskaintza turistikoaren berri emango diete. Txartel banatuko diete Goierriko eskaintza ezagutu dezaten, eta ondoren gure eskualdeko enbaxadore izan daitezen.

 

Eskualdeko eskaintza biltzen duen diptiko berri bat ere argitaratu du Goiturrek, eta Donostiako autobus turistikoaren atzeko aldean Goierri promozionatuko dute urtea amaitu arte “Goierri, San Sebastian Region” sloganarekin.

 

Apirilaren 8an Donostiako Boulevard-ean hainbat ekintza egingo dituzte Goierri Gipuzkoako hiriburuan promozionatzeko. Familia osoari zuzendutako tailerrak eta ekintzak izango dira. 10:00etatik 14:00etara egingo dituzte.


Aste Santuko oporren atariko jarduera berezia izango da, eta Goiturrek herritarrak animatu nahi ditu bertan parte hartzera. Etxe ondoan ditugun altxorrak ezagutzeko aukera paregabea izan daiteke.

Jarraian agertzen den loturan, Goierri promozionatzeko Goiturrek egin duen bideo berria ikusi daiteke:Goierri

Honako loturan, berriz, prentsaurrekoa: Gipuzkoa Orain

Arizti Haundi futbol zelaian berritze lanak egiten hari dira. Korrikako pistan zorua konpondu eta pintaketa lanak egin ondoren, estalitako eserleku guneko estalpeari eta barandari tratamendua eman zaio eta margotu egin dira. Orain, bi aldageletako zoruan berritze lanak egingo dira, egoera kaxkarrean daude-eta. Era berean ur beroaren sisteman ere hobekuntzak aurreikusten dira. Ikusleak zelaiaren buelta guztian egon ahal izateko, baranda perimetrala ere igo da. Lan hauek egiteko, otsaileko osoko bilkuran onartutako kreditu aldaketan, 20.000 euro gehitu zitzaizkien ohiko mantenu partidei.

Ekintza arrakastatsua izan da Lazkaoko Udalak eta Gaztelekuak antolatutako “Emakumeak eta kirola” mahai ingurua. Emakume kirolari bakoitzak bere esperientzia kontatu zuen, zein zailtasun izan dituen, zein erronka eta zein amets dituen.

Hainbat kirolen arteko konparaketa egin zuten parte hartzaileek, eta gizonen eta emakumeen arteko ezberdintasunak ere izan zituzten hizpide. Emakume kirolariek prentsan duten presentzia gero eta gehiago bada ere, oraindik lan asko dago egiteko mahai inguruko kideen ustez, garrantzitsua baita presentzia izatea.

Hala ere, egoera hobera egiten ari dela nabarmendu dute, kirolari eta kasu gehiago daudela, eta emakumeak kirolaren aldeko apustu gehiago egiten du eta presentzia ere gero eta handiagoa da hainbat kiroletan. Edonola ere, berdintasunera iristeko asko falta dela azpimarratu dute.

Lazkaoko Udalak eta Gaztelekuak emakume kirolarien ahalegina agerian jarri nahi izan dute mahai inguru honekin. Batez ere herriko emakumeak ezagutzera ematea izan da helburua, haien lana eskertzeko, goraipatzeko eta bultzatzeko.

Oraingoan kirolarekin lotutako mahai ingurua antolatu da, baina helburua arlo gehiago lantzea da, “Emakumea eta…” izenburupean ekintza gehiago antolatuz. Asmo honetan lanean jarraituko du Lazkaoko Udalak.

Fito&Fitopaldis taldearen tributo talde bat da Wilson&Wilsonetis, eta kontzertua egingo du Lazkaon. Apirilaren 7an izango da, Areria aretoan, 22:00etan hasita. Sarrerak udaletxean erosi daitezke, eta asteburuan zehar baita Arerian ere, 10 euroan.

 

 

Udaletxeko zein kultur etxeko kanpoaldeko hormak margotu egin dira. Udaletxeko eraikinari dagokionez, eta eraikinaren efizientzia energetikoa hobetzeko helburuarekin, leihoak ere aldatu dira. Udaletxeko arkupe sarreran ez irristatzeko tratamendua ere eman da labainkorrak ziren hainbat gunetan. Lan guzti hauek egiteko, otsaileko kreditu aldaketan 50.000 euroko partida aurreikusi zen.

Lazkaomendirako oinezkoen azpiko pasabidea egiteko lurrak mugitzen hasi dira Maizpide parean. Lan horiek eragina dute GI-120 errepide nagusian, eta gaur hasita hainbat moldaketa egingo dira.

Lanek irauten duten bitartean desbideratze txiki bat egingo da trafikoa bideratzeko, eta errepidea estutu egingo da. Lan horien eraginez errepidean zehaztutako abiadura ere murriztu egin beharko da. Errepidea margotu egin da trafikoaren norabide egokia adierazteko, eta lanak eta abiadura murrizketa adierazteko seinaleak ere jarrita daude.

Beraz, lanek irauten duten bitartean eremu horretarako zehaztutako abiadura errespetatzeko eta seinaleei zein bertan lanean ari diren langileei kasu egiteko eta arretaz gidatzeko eskatzen da.

Lazkaoko Udalak eta LazkaOn Merkatari Elkarteak, Lazkaoko gainontzeko merkatariekin batera, erosketa bonoak sustatuko ditu bigarren urtez. Herriko merkataritza indartzea da egitasmo honen helburuarekin. Aurten, zazpi komertzio gehiago batu dira kanpainara, eta guztira, erosketa bonoa 59 komertziotan erabiltzeko aukera egongo da.

Kanpaina datorren martxoaren 15ean jarriko da abian, eta herritarrek apirilaren 12ra arte gozatu ahal izango dute bonoez. 50 euroko balioa duten bonoak erosi ahal izango dira, 40 euro ordainduta. Bonoak 10 euroko bost txarteletan zatituta egongo dira, erabilera errazteko asmoarekin; bost txartel horietatik bi, Lazkaon Merkataritza Elkarteko kide diren komertzioetan erabili beharko dira. Guztira 300 bono jarriko dira eskuragarri, eta herritar bakoitzak bono bat erosteko aukera izango du, kanpaina ahalik eta herritar gehienera zabal dadin. Lazkaoko udaletxean bertan izango da kanpainako txartelak erosteko aukera, 09:00etatik 18:00etara bitartean,

Herritarrak eskaintza berezi honetan parte hartzera animatzen ditu udalak, erosketak herriko komertzioetan egitea garrantzitsua baita. Merkataritza indartzea, Lazkaoko ekonomiaren garapenerako oso garrantzitsua da. Herrian erosteak, zerbitzuetan ari diren lazkaotarren lanpostuak mantentzen laguntzen du, eta negozio eta lanpostu berriak sortzeko aukerak gehitzen ditu, Lazkaoko herria garatzen jarraitzeko. Herritarrek erosketak herrian egitea, herritarren onura bilakatzen da. Horregatik, erosketak herriko komertzioetan egiteko kontzientzia sortu nahi du Lazkaoko Udalak.

Herriko komertzioa kalitatezkoa eta anitza da, eta herritarren esku ere badago hori bizirik mantentzea. Horregatik, orain aurkeztu denaz gain, urtean zehar beste kanpaina batzuk jarriko ditu martxan udalak eta LazkaOn elkartaek, udazkenean eta Gabonetan, esaterako. Horrez gain, formazio saioak eta bestelako kanpainak ere egin nahi dira. Guzti hau egin ahal izateko, ezinbestekoa izan da LazkaOn Merkatari Elkarteak ea udalak azken hilabeteetan gauzatu duten elkarlana.

Eskualdeko ekintzaileei zuzendutako ikastaroa antolatu du Goieki garapen agentziak, "Ekintzailetza: aukera bat?" izenburupean. Arrakastaz ekiteko ekintzaile batek behar dituen gaitasunei buruz hitz egingo dute ikastaroan, eta informazio fiskala eta laborala eskainiko da, ratio ekonomiko-finantziarioak, eta, batez ere, aholku praktikoak. Bi helburu ditu tailerrak:

  • Parte hartzaileek ikusi dezatela ekintzailetasuna lan munduan txertatzeko besteen kontura lan egitea bezain aukera interesgarria eta aberagarria dela.
  • Parte hartzaileen ekintzaletasun gaitasunak mahaigaineratzea eta indar horiek negozio ideia batera bideratu daitezkeela ikustea.

Ikastaroa asteazkenean izango da, martxoak 23, 09:00etatik 13:00etara, Goiekin bertan (Mallutz kalea, 18. Ordizia). Lan metodologia praktikoa izango da ikastaroaren oinarria, esperientzietan oinarritutakoa. Teoria kapsula txikiak ere eskainiko dituztela azaldu dute Goiekitik. Parte hartzaileei hainbat material eta bibliografia ere banatuko zaie.

Ikastaroan izena emateko Goierriko Ekintzailetasun Sailarekin jarri behar da harremanetan Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko. helbidean edo 943 16 18 31 telefono zenbakian. Ikastaroari buruzko informazio gehiago ere helbide edo zenbaki horretan eskura daiteke.