Abenduaren 12tik 22ra bitartean, Gabonak gertu daudela, elikagaien xahuketaren aurkako sentsibilizazio-kanpaina jarri da abian, “Janaria ez da botatzen” lelopean.

Bi astez hedatuko dira mezu eta gomendioak, irratiko iragarkien, sare sozialen eta Euskadiko hiru hiriburuetako markesina eta hiri-altzarietako mezuen bidez. Aurtengo edizioan, arazoaren dimentsioa irudikatzeko, diagnostikotik ateratako datuak erabiliko dira. Diagnostikoa Eusko Jaurlaritzak argitaratu zuen uztailean, Elika Fundazioarekin lankidetzan, eta bertan Euskadiko elikakate osoko elikagaien xahuketaren kopuruak eta kausak jasotzen dira.

Javier Rivero Tolosako AMA jatetxeko sukaldariarekin (duela gutxi 50 Next zerrendan sartu zuten, munduko gastronomiako promesa nagusietako gisa) elikagaien xahuketa prebenitzeko gomendioak hedatuko dira, adibidez sukaldea ondo antolatu edo aprobetxatzeko errezeten bidez.

Kanpaina Basque Green Deal – Euskadiko Itun Berdea ekimenaren barruan sartzen da: Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailak abiarazi zuen.

 

Zer da elikagaien xahuketa?

Nekazaritzako elikagaien katean bazter utzitako elikagaiak dira, oraindik ere jan daitezkeenak eta egokiak direnak giza kontsumorako. Alabaina, ez zaie erabilera alternatiborik ematen, eta, ondorioz, hondakin gisa suntsitzen dira.

Europar Batasunean galdu edo xahutu egiten da ekoiztutako elikagaien % 20. Hau da, 89 milioi tona elikagai edo 179 kilo pertsonako. Kalkuluen arabera, fenomeno horrek 143 milioi euroko kostuak eragiten dizkio EBri.

Elikagaiak ekoizteko, energia- eta baliabide-kopuru handiak behar ditugu, baina horiek, ura edo landu daitezkeen lursailak, adibidez, gero eta urriagoak dira. FAOren arabera, uraren aztarna hidrikoak munduan erabiltzen den uraren % 70 hartzen du. Gainera, elikagaien ekoizpenak Berotegi Efektuko Gasen (BEG) igorpen zuzenen % 17 eta guztirako ingurumen-eraginen % 20 eta % 30 artean eragiten ditu.

Bisitatu www.zerodespilfarro.eus web orrialdea. 

KartelakA3pdf 3

KartelakA3pdf 4