Autogobernuaren eskutik egin du euskarak milaka urteko bere historian ezagutu duen aurrerabiderik sendoena, euskal herritarron ezinbesteko kontzientzia eta ekimena oinarri hartuta.

Gaur, Euskararen Nazioarteko Egunean hain zuzen ere, datu soziolinguistiko zehatzetan oinarritzen den baieztapen hori lau haizetara zabaltzeko egokieran baldin bagaude, zintzotasunez aitortu behar dugu euskararen eta euskaldunon historian ohorezko tokia duen ekimen bat dagoela aurrerabide horren iturburuan.

Ugari biltzen ditu urtemuga horrek ospakizunerako arrazoiak, arau nagusi hori baitute berme eta oinarri euskarak alor guztietan egin dituen urratsak. Hartan dituzte sustraiak eta ezinbesteko lege-babesa administrazioaren, irakaskuntzaren, hedabideen, helduen euskalduntzearen, esparru zientifikoaren, lan munduaren eta gizarte erabileraren alorretan, besteak beste, hartu diren neurriek. Hartan du zimentarri gaurko errealitatera ekarri gaituen arautegiaren lege-eraikinak.

 Asko zor dio euskarak adostasunari, eta deus ere adostasun ezari. Adostasuna baitu euskararen etorkizunak giltzarri; hondamendi luke euskarak, ordea, adostasun eza.

Eta adostasunak borondatea du oinarri ezinbesteko. Borondatea, eta eskuzabaltasuna noski, behar baitira buru-bihotzetan abiaburu eta helmuga ezberdinak ditugunon artean diagnosiak eta aurrerabiderako urratsak adostea. Ez da inola ere eginkizun erraza; bai, ordea, euskararentzat ezinbestekoa.

Euskarak batzen gaituelako, ez inola ere banatzen.

Euskararen Eguna 2022