• Eustaten datuen arabera, 20216-2021 aldian Lazkaoko saltokien kopurua % 2 igo da. Lurralde mailan batez beste % 10 baino gehiago jaitsi da.
  • Lazkaoko Udalak balantze positiboa egin du herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuak biziberritzeko azken urteetan abian jarritako eta Covid-19aren krisiak areagotutako neurrien emaitzei buruz.
  • Ostalaritzan, terrazen kokapenaren malgutasuna eta horien tasen ordainketaren salbuespena urte honen amaierara arte mantenduko dira.

Lazkaoko Udalak urteak daramatza sektorearekin batera herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuak suspertzen, 2016an herria Biziberritzeko Plana definitu zenetik. Lan horren emaitza da Lazkaoko merkataritza-ehuna % 2 handitu dela 2016-2021 aldian, eta joera orokorra, berriz, ehuneko 10etik gorako murrizketa izan dela Euskadi mailan. Azken urteotako ziurgabetasun- eta krisi-testuingurua, digitalizazioarekin eta belaunaldien arteko erreleborik ezarekin batera, merkataritza- eta zerbitzu-sektorearen mehatxu nagusiak dira.

Kepa Zubiarrainek, Lazkaoko alkateak, adierazi du “herriko merkataritza, taberna eta jatetxeak eta zerbitzuak ezinbestekoak direla Lazkao bizirik mantentzeko, herri erakargarria izan dadin bizitzeko, gozatzeko, sozializatzeko eta lan egiteko. Ehunka dira Lazkao eta eskualde osoari zerbitzua ematen dioten pertsonak. Gainditzearen adibide dira. Jakin behar dugu okindegirik, fruta-dendarik edo izkinako tabernarik gabe lanpostuak eta enpresa-sarea galtzen ditugula, eta Lazkaok bizia galtzen duela. Irauteko eta gehiagora joateko, plan hau sortu genuen, ezinbestekoa izan baita, are gehiago garai pandemikoan, sektore osoari laguntzeko. Plan hori sektorearekin batera lantzen jarraituko dugu, Lazkao hobea egiten jarraitzeko eta lazkaotarrei zerbitzurik onenak eskaini ahal izateko eta, horrela, haien ongizatea eta bizi-kalitatea bermatzeko”.

Laguntza-testuinguru horren barruan, Covid-19aren pandemiak eragindako krisiaren hasieratik, epe luzerako estrategia bat planteatu zen, herriko merkataritza-, ostalaritza- eta zerbitzu-sarean inpaktua minimizatzen saiatzeko. Krisiaren hasierako inpaktuak eragindako zailtasun ekonomikoak arintzen laguntzeaz gain, hainbat tasatan hobariak eta zerga-salbuespenak ezarriz, herriko negozioak berregokitzeko eta modernizatzeko inbertsiorako laguntzak diseinatu ziren, haien biziraupena ziurtatzeko helburuarekin. Beste jarduera-ildo bat herriko kontsumoa sustatzea izan da. Azken 2 urteetako laguntza-plan berezi honekin, herrian 550.000 eurotik gorako inpaktua izatea lortu da lerro ezberdinen bidez.

Aipatzekoa da, halaber, 2020an Goieki eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera abian jarritako Berrabiarazi plana. Plan horri esker, herriko ia 60 negoziok beren egoeraren diagnostikoa egin ahal izan dute, eta etorkizunari berme handiagoz aurre egiteko ekintza-plan bat zehaztu. Gaur egun, prestakuntza-plan batean parte hartzen ari dira, diagnostiko horretatik eratorritako gaiekin (finantzak, digitalizazioa).Ostalaritza izan da pandemiari lotutako murrizketen ondorioz gehien sufritu duen sektoreetako bat, eta egoera horri aurre egiteko laguntza-neurriak gehien luzatu dituen sektorea ere bada. Horrela, terrazen kokapenaren malgutasuna eta horien tasen ordainketaren salbuespena urte honen amaierara arte mantenduko dira.