• Hain zuzen zaborren, mahai zein aulkien, toldoen, errotuluen eta uraren zati finkoa zein kanonaren tasetan 100%go hobaria emango du Lazkaoko Udalak 2021 osoan, lehen seihilekorako neurriak bigarrenera ere zabalduz. Hobari hauen bitartez, herriko ostalaritzak ia 40.000 euro gutxiago ordainduko dizkio Udalari.
  • Neurri hori Covid-19ari aurre egiteko 2021erako Udalak osatutako plangintzaren baitan dago jasoa eta helburu du pandemiak eragindako ondorio ekonomikoei aurre egiten laguntzea eta kasu honetan, ostalarien presio fiskala arintzea ere.

Jakina da jada Covid-19ak ondorio ekonomiko gogorrak eragin dituela gizartean oro har eta bereziki hainbat sektoretan. Hori aintzat hartuta eta herriko ehun ekonomikoa eta gizarte ongizatea babestea lehentasun izanik, Lazkaoko Udalak etengabe egin du lan egoera zail eta berri honi aurre egiteko. Ildo horretan, 2021erako merkataritza, zerbitzuak eta ostalaritza suspertu eta sustatzeko plangintza osatu zuen. Horien artean ezarri zen 2021eko lehen seihilekoan, ostalaritzako tasek 100%go hobaria izatea, hau da, ordaindu behar ez izatea.

Orain, Udalak, sektorearekin duen konpromisoari jarraiki, 2021eko bigarren seihilekora luzatuko du neurria; hau da, 2021 urte osoan ostalaritzak ez du udal-tasari ordainduko.

Zehazki zaborrei, mahai zein aulkiei, toldoei, errotuluei eta uraren zati finkoari zein kanonari dagokien tasen hobariak dira Udalak 100%ean emango dituenak. Bestalde, uraren kontsumoaren tarifa %40 murriztuko da ere.

Kepa Zubiarrainek ostalaritzarekiko Udal Gobernuak duen konpromisoa berretsi du: “nahiz eta ematen duen pandemiaren une latzenak pasa ditugula, eta ekonomiak bigarren seihilabetean hobera egingo duela, ostalaritza gehien sufritu duen sektoreetariko bat da: esaterako, ordutegi eta aforo murrizketak oraindik indarrean daude. Suspertze aldian lagungarri izan dadin, Udaletik tasetako karga jaistea garrantzizkotzat jotzen dugu. Hobari hauen bitartez, herriko ostalaritzak ia 40.000 euro gutxiago ordainduko dizkio Udalari” adierazi duenez.

2021erako plangintza hori iaz abian jarritako Suspertze Planaren eboluzioa da (Berrabiarazi, dirulaguntzak, inbertsio laguntzak, erosketa bonoak, irekiera laguntzak,...) eta kasu honetan, Udalak dituen baliabideen barnean, herritarrei eta bereziki merkataritza, zerbitzu eta ostalaritza alorrean lan egiten duten pertsonei babesa eta laguntza eskaintzea du helburu, tokiko ekonomia suspertzeko. Ildo horretan, berriki onartutako neurriaren bitartez, pandemiak eragindako ondorio ekonomikoei aurre egiteko laguntza eskaini nahi die Udalak ostalariei, baita haien presio fiskala arindu ere.

IMG 20210611 131032