• Plana guztien artean osatu eta mamitze aldera, herritar orori zuzenduriko galdetegi bat jarri du Udalak lazkao.eus webgunean eskuragarri: GALDETEGIA, lazkaotarren iritzi, ideia zein proposamenak ezagutu eta jasotzeko.
  • Planaren bitartez, lau urterako estrategia eta helburuak finkatu nahi ditu Udalak, etorkizunera begira Lazkaon euskararen erabilera indartzen eta sustatzen jarraitzeko, euskara izan dadin herriko hizkuntza nagusia.

Lazkaoko Udalak, Emun aholkularitza enpresaren gidaritzapean, abian jarri du 2021-24 Euskararen Plan Estrategikoa lantzeko prozesua. Prozesu eta Plan hori, baina, herritarren eta euskara eragileen laguntza eta parte-hartzearekin osatu nahi du Udalak, dokumentua Lazkao eta lazkaotarren momentuko errealitatera eta etorkizunera ere egokitu dadin.

Ildo horretan, herritarren iritzi, proposamen zein ideiak ezagutu eta jasotzeko galdetegi bat jarri du eskuragarri www.lazkao.eus udal webgunean: GALDETEGIA. Galdetegia lazkaotar orori zabaldua dago eta asmoa da Plana bertatik jasotako emaitzekin osatu eta mamitzea.

“Soziolinguistika klusterrak egindako azken kale erabileraren neurketak datu txarrak eman ez zituen arren, datu horiek hobe ditzakegu oraindik, eta hori lortze aldera, Planaren bitartez, herritarrekin elkarlanean datozen lau urteetako estrategia eta helburuak finkatu nahi ditugu, guztion erronka eta lana baita gure hizkuntza babestu eta honen erabilera indartzen jarraitzea, Lazkaok herri euskalduna izaten jarrai dezan eta euskara izan dadin herriko hizkuntza nagusia”, azaldu du alkateak, Kepa Zubiarrainek.

Aipatu galdetegia udal webgunean egongo da eskuragarri apirilaren 30a bitarte eta Udaletik herritarrei prozesuan parte-hartu eta hori betetzeko deia luzatzen zaie, modu horretara, “Plana ahalik eta osatuena izan dadin”.

 

2021-24 Euskararen Plan Estrategikoa ekainerako prest

Esan bezala, Euskararen Plana Emun aholkularitza enpresaren gidaritzapean landuko du Udalak eta honek aurkeztutako plangintzari jarraiki, lanketak bi fase izango ditu: diagnosi fasea batetik eta diseinu fasea bestetik.

Diagnosi fasea, Udalak helarazitako datuez haratago, herritarren zein herriko elkarte eta eragileen iritzi, proposamen eta ideiekin osatuko da eta horretarako, besteak beste, aurrez aipatutako galdetegia erabiliko da tresna gisa.

Diseinu fasean, halaber, bilera ireki desberdinak planteatuko dira diagnostikoaren emaitzak aurkeztu eta horiek oinarri hartuta, etorkizuna irudikatu eta planaren helburu zein lehentasunak identifikatu eta zehazteko.

Euskara Plana