- Programa asteroko topaketen bidez garatzen da, eta horietan euskara praktikatu nahi duten pertsonek zein prozesu horretan lagundu eta animatzen dituztenek parte hartzen dute.
- Izen-ematea dagoeneko zabalik dago, bai mintzalagun gisa aritu nahi dutenentzat, bai mintzalaguntzaile moduan parte hartu nahi dutenentzat ere. Matrikulazioa Gerriko Kultur Elkartean egin daiteke, baita 688 822 871 telefono zenbakira deituta edo Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko. helbidera idatzita ere.
Beste behin, Mintzalaguna programa martxan da Lazkaon, herritarrei euskara modu natural, hurbil eta atseginean praktikatzeko aukera paregabea eskainiz. 2005etik indarrean dagoen ekimen finkatua da, eta bere lehen urratsak Gerriko Txokoan eman zituen. Helburu nagusitzat du herrian euskararen eguneroko erabilera sustatzea.
Programaren oinarria mintzalagunak (euskara praktikatu nahi duten pertsonak) eta mintzalaguntzaileak (hizkuntza menperatzen duten eta besteak hitz egitera animatzen dituzten pertsonak) taldeak sortzea da. Talde horiek astean behin elkartzen dira ordubetez, eta beraiek erabakitzen dute topaketen formatua: paseoak, tabernetako kafeak, kirol jarduerak edo euskaraz hitz egiteko beste edozein modu erabil daitezke.
Lazkaoko Mintzalagunaren ezaugarri nabarmenetako bat Maizpide Euskaltegi-Barnetegiarekin duen lotura estua da. Euskaltegira etortzen diren ikasle askok aktiboki parte hartzen dute taldeetan, eta horrek sinbiosi aberasgarria sortzen du bertako herritarren eta kanpotik euskara ikastera datozenen artean. Elkarrekintza horrek hizkuntza-maila hobetzeaz gain, euskarazko harreman sozial eta kulturalak sendotzen laguntzen du.
Era berean, taldeen aniztasuna sustatzen da herritarren interesen arabera, hala nola Plazalaguna, Parkelaguna, Hikalaguna, Onlinelaguna, Kirolaguna edo Josketalaguna. Horrela, pertsona guztiek euskaraz hitz egiteko espazio egokia eta atsegina izatea bilatzen da, gaitasun-maila edozein dela ere.
Azpimarratzekoa da ez direla euskara-eskolak. Mintzalaguntzaileak ez dira irakasle, eta, beraz, ez da zuzenketarik egiten. Helburua argia da: euskaraz komunikatzea eta horretaz gozatzea, euskara batua nahiz euskalkiak erabiliz, eta zuka edo hika, bakoitzaren nahiaren arabera.
Aldi berean, Mintzalaguna Lazkaoko kultur bizitzarako zubi ere bada. Parte-hartzaileak gonbidatuta daude herrian antolatzen diren jardueretan esku hartzera, besteak beste hitzaldiak, solasaldiak, kontzertuak, ostiralero egiten diren kantu-jirak, afariak eta txangoak. Ekintza horiek hizkuntza, kultura eta herritarren arteko lotura indartzen dute.
Programa Beasain eta Ordizia bezalako inguruko herriekin elkarlanean garatzen da, sareak zabaltzeko eta euskararen erabilera udal-mugetatik harago indartzeko ekintza bateratuak antolatuz.
Izen-ematea zabalik dago mintzalagun zein mintzalaguntzaile izan nahi dutenentzat. Parte hartu nahi duenak Gerriko Kultur Elkartera hurbildu besterik ez du. Bestela, 688 822 871 telefonora deituta edo Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko. helbidera idatzita ere.
Mintzalaguna programa antolatzen duten erakundeek; Gerriko Kultur Elkartea, Maizpide Euskaltegia, San Benito Ikastola eta Lazkaoko Udala, herritarrak ekimen honetan parte hartzera gonbidatzen dituzte eta euskara biziberritzen laguntzera.