• Udalak Joxemiel Barandiaran Udal Kiroldegia berritzeko proiektuaren 5. fasea aurkeztu zuen GFAren deialdira. Bertan, 6 kaleko igerileku berria eraikiko da, egungo igerilekua eta sauna berrituko dira, eta aldagelak eta komunak hobetuko dira.

Lazkaoko Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiaren 600.000 euroko dirulaguntza lortu du, Gipuzkoako kirol ekipamenduen planaren 2023-2025 dirulaguntza deialdia ebazten duena.

Joxemiel Barandiaran Udal Kiroldegia berritzeko proiektuaren 5. Fasea aurkeztu zuen Udalak deialdira. Bertan, 6 kaleko igerileku berri bat eraikiko da, egungo igerilekua eta sauna berrituko dira, eta aldagelak eta komunak hobetuko dira. Horretarako eraikin berri bat egiten ari dira tenis-pistak hartzen zuen lursailean.

Eraikin berriak instalazio desberdinetarako erdisotoko solairu bat izango du, eta lehenengo solairuan 25 x 12,5 metroko igerileku klimatizatu moderno bat egongo da, sei kale eta harmailekin. Gainera, kaltetutako espazioen instalazioa eta makineria berrituko dira, osasun-baldintzak hobetuz eta eraginkortasun energetikoa sustatuz, Udalak iraunkortasunarekin duen konpromisoaren ildotik.

Kepa Zubiarrain Lazkaoko alkateak proiektu honen garrantzia azpimarratu du: "Proiektu estrategiko garrantzitsuenetako baten aurrean gaude. Gure lehentasuna izan da, hasieratik, herritarren ongizatea eta bizi-kalitatea bermatzea, aukerak sortuz eta zerbitzu eta azpiegitura egokiak eskainiz. Kiroldegi berriak udalerriko kirol zerbitzuak asko hobetuko ditu. Eta hori guztia aurrezki publikoak modu eraginkorrean kudeatuz".

JMBKiroldegia