• Guztira 2.000 bonu komertzial jarriko dira salgai. 30 euroko prezioan eta 40 euroko erosketa-balioan, 5 euroko 8 tiketetan banatuta, udalerriko 57 saltokitan trukatu daitezkeenak.
  • Baserritar ekoizleen 300 bonu berri salgai.
  • Bi ekimen horiek Lazkaoko merkataritza, zerbitzuak eta ostalaritza sustatzeko Udalak 2020tik bultzatzen duen Suspertze Planari erantzuten diote.

Lazkaoko Udalak, tokiko ekonomia suspertzeko eta laguntzeko konpromisoari eutsiz, ‘Nik Lazkaon, ¿zuk zergatik ez?’ merkataritza bonuen VII. kanpaina jarriko du martxan astelehen honetatik, apirilak 17, aurrera.

Guztira 2.000 bonu jarriko dira salgai. 30 euroko prezioan eta 40 euroko erosketa-balioan. Guztira 58 saltoki atxiki zaizkio kanpainari. 5 euroko 8 tiketetan banatuta, 3 saltoki parte-hartzaile guztietan erabili ahal izango dira, eta gainerako 5ak, denetan, elikaduran izan ezik.


Bonuak zenbakituta egongo dira eta erosten dituen pertsonaren NANa erregistratuko da erosteko unean. Pertsona bakoitzak 5 bonu erosi ahal izango ditu gehienez, eta beste pertsona bat ordezkatuz ere erosi ahal izango ditu (gehienez 3), NANa aurkeztuta.

Apirilaren 17tik aurrera egongo dira salgai Lazkaoko Udaletxean, 8:00etatik 17:00etara, edo plazan, horretarako jarriko den karpa batean, astelehen goizetan eta ostiral arratsaldeetan, bonoak agortu arte. Bonuak maiatzaren 20ra arte trukatu ahal izango dira.

Baserritarren bonu berriak eskuragarri

Azaroaren 30era arte, baserritarren 300 bonu berri erosi ahal izango dira. Hauek 20 euroko salneurria dute eta 35 euroko erosketa-balioa eskaintzen dute. 5 euroko 7 tiketetan banatuta, helburua tokiko lehen sektorea bultzatzea da. Inguruko 5 baserritan truka daitezke.


Helburua: familiei eta sektoreari laguntzea

Bi ekimen horiek Lazkaoko merkataritza, zerbitzuak eta ostalaritza sustatzeko Udalak 2020tik bultzatzen duen Suspertze Planari erantzuten diote. Udalak, bonu hauekin, herritarrei herrian erosten lagundu nahi die. “Jakin badakigulako herritar askok ere zailtasunak izan ditzaketela eta horregatik gure herrian erosketa sustatu nahi dugu eta lazkaotarren erosketa hori merkeagoa izan dadin lagundu nahi dugu. Bonu linea honek herritarrei laguntzen die erosteko hobaria ematen baitu”.


Lazkaoko Suspertze Planak hiru zutabe ditu: industria-sarea, nekazaritza-ekoizleak eta merkataritza, zerbitzuak eta tokiko ostalaritza. 2020an tokiko berrindartze-planak abian jarri zirenetik, 730.000 € baino gehiago mobilizatu dira udalerrian kanpaina desberdinei esker.