• Lelo horrek aldarrikatzen du gure gizarteak emakume gehiago behar dituela erabaki eta eragin postuetan.
  • Lazkaoko Udaletik herritarrak animatu dituzte antolatutako ekintzetan zein martxoaren 8an deituko diren elkarretaratzeetan parte hartzera. 

Emakumeak gora! da 2023ko Emakumeen Nazioarteko Egunaren kanpainaren leloa, eta Emakundek bultzatu du Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailarekin, hiru foru-aldundiekin, EUDELekin eta EAEko hiru hiriburuetako udalekin batera. Lazkaoko Udalak bat egin du kanpainarekin. Lelo horrek aldarrikatzen du gure gizarteak emakume gehiago behar dituela erabaki eta eragin postuetan.

Kanpainak, aldi berean, erakusten du zeintzuk diren emakumeei lidergo-postu horietara berdintasunez iristea eragozten dieten oztopo nagusiak, eta mito faltsuak eraisten ditu, hala nola, emakumeek prestakuntza gutxiago dutela postu horiek betetzeko, Euskadin goi-mailako ikasketak dituzten pertsona guztietatik ia % 60 emakumeak direla adierazten duten datuak emanez.

Kanpainaren protagonistak emakumeak dira, eta gogorarazten digutenez:

  • Emakumeek gerentzia-postuen % 6 bakarrik betetzea ez da prestakuntza edo lidergo faltagatik. Erakundeetan pribilegio eta rol maskulinoak betikotzen direlako baizik.
  • Emakumeek titulazio teknikoetako matrikulen % 23 baino ez ordezkatzea ez da bokazio faltagatik. Baizik eta, besteak beste, mugatzen gaituzten estereotipoetan oinarritutako hezkuntzaren emaitza.
  • Zaintzeko eszedentzien % 73 emakumeek hartzea ez da guk bakarrik dakigulako zaintzen. Gizarteak rol hori ezartzen digu eta honek zaildu egiten du gure garapen profesionala.

Kanpainaren informazio guztia www.emakumeakgora.eus web orrialdean dago eskuragarri. 

Lazkaok ere egitarau zabala antolatu du eta Udaletik herritarrak animatu dituzte antolatutako ekintzetan zein martxoaren 8an deituko diren elkarretaratzeetan parte hartzera.