• Berriz irekitzeko, lokalak egokitzeko edo errotulazioa euskaraz egiteko laguntzak batzen ditu.
  • 2022an Ticketbairen euskarazko aplikazioa ezartzeko eta Goierriko Azokan parte hartzeko abian jarritako dirulaguntzei jarraipena emango zaie.

Lazkaoko Udalak merkataritza, zerbitzuak eta ostalaritza sustatzeko dirulaguntzen deialdia zabaldu du. Berriz irekitzeko, lokalak egokitzeko edo errotuluak euskaraz jartzeko laguntzak batzen ditu. Ticketbai fakturazio-sistemaren euskarazko aplikazioa eta Goierriko Azoka plataforman parte hartzea sustatzeko 2022an abian jarritako dirulaguntzei jarraipena emango zaie.

Udal ordezkariek nabarmendu dutenez, dirulaguntza hauen helburua Lazkaoko merkataritza, zerbitzuak eta ostalaritza sustatzea eta babestea da: "Hainbat arlotan lan egiten dugu, karga fiskala murriztuz, eremu ekonomiko hauetan euskara bultzatuz, digitalizazioan sakonduz eta irisgarritasuna sustatuz. Gure hiri-ekonomia garai berrietara egokitzen lagundu nahi dugu, haien biziraupena bermatu, modernizatzeko aukera berriak eta merkatuak eskainiz, eta udalerriaren bizitasuna eta enplegu-aukerak mantendu. Dena kate bat da, eta kontsumitzaileen, merkatarien, ostalarien eta profesionalen eta administrazioaren inplikazioa beharrezkoa da”.

2023ko laguntzen zenbatekoak honako hauek izango dira:

  • Zenbateko finkoa ireki berri bakoitzeko: 500 euro.
  • Lokalak egokitzeagatiko zenbateko aldakorra, justifikatutako gastuen % 20, 1.250 euroko mugarekin.
  • Gastua errotulazioa euskaraz egiteko edo errotulazioa euskarara itzultzeko bada, lan horri dagokion gastuaren laguntza % 80koa izango da, 500 euroko mugarekin.
  • TicketBAI fakturazio-sisteman euskarazko softwarea instalatzeagatiko zenbateko finkoa: 250,00 euro.
  • Goierriko Azokaren bidezko merkaturatze digitalerako gastuaren % 80, 160 euroko mugarekin.

Dirulaguntza lerro hauek eskatzeko epea 2023ko abenduaren 31ra arte egongo da zabalik, eta 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera egindako gastuetarako laguntza eskatu ahal izango da.