• Gabonetako argiak ohiko eguna baino astebete beranduago piztuko dira, eta gaueko 23:00etan itzaliko dira, pizte-denbora laburtuz.
  • Udalak uste du hartutako neurriek % 70etik gorako aurrezpen energetikoa ekarriko dutela aurreko urteekin alderatuta.
  • Kepa Zubiarrain: “argiak mantentzen ditugu eta, horrekin batera, Gabonetako giroa gure kaleetan, baina modu jasangarri eta arduratsuan”.


Lazkaoko Udalak Gabonetako argien piztuera astebete atzeratzea erabaki du. Era berean, argiak gaueko 23:00etan itzaliko dira.

Aurreko urteetan, argiztapen-kanpainak bost aste irauten zuen. Era berean, argiak pizteko ordutegia ere murriztu egingo da eta 18:00etatik 23:00etara izango da, egunero, urtarrilaren 6ra arte. Iaz arte, argiak piztuta egoten ziren gau osoan.

Neurri horien ondorioz, Udalak % 70 inguru aurreztuko du energia aurreko urtearekin alderatuta. Kepa Zubiarrain alkateak adierazi du beharrezkoa dela energia aurrezteko neurri gehigarriak hartzea: “energiaren prezioak gora egin du azken urte honetan, eta Gabonetako argiak LED badira eta kontsumoa oso txikia bada ere, gure aukera are gehiago murriztea da, pizte-egunak eta -ordutegia mugatuz. Argiak eta Gabonetako giroa mantentzen ditugu gure kaleetan, txikienen ilusioa elikatuz eta kaleak eta tokiko merkataritza biziberritzen saiatuz, are gehiago inflazio handiak eragindako une zail honetan, baina modu jasangarri eta arduratsuan”.

Gabonetako argiteria