• Kepa Zubiarrain: “bizi dugun egoeran , helburu nagusia herritarrei eta enpresei arlo ekonomikoan ez gehiago zamatzea da. Tasak eta udal-zergak izoztea erabaki zaila bezain arduratsua da. Lazkaotarrek karga fiskal gehiago izatea saihestu nahi dugu”.
  • Hobarietan aldaketa teknikoak egin dira, bizitegi-sektorean eta hirugarren sektorean energia-eraginkortasuna eta energia berriztagarrien ezarpena sustatzeko.

Lazkaoko Udalak atzo, urriak 13, egindako Osoko Bilkuran onartu zuen 2023an udal zerga eta tasa guztiak izoztea aho batez. Horrela, oposizioko alderdiak (EH Bildu) baiezkoa eman zion Udal Gobernuak (EAJ-PNV) datorren urtean tasak eta zergak izozteko egindako proposamenari.

Kepa Zubiarrain alkateak nabarmendu du helburu nagusia herritarrei arlo ekonomikoan laguntzea dela: “tasak eta udal zergak izoztea arduraz jokatzea da, herritarrek eta tokiko enpresa sareak bizi dituzten ondorioak arintzeko. Aparteko neurri honen helburua da lazkaotarrek zama ekonomiko gehiago ez izatea eta kaltetutako sektore eta enpresen susperraldi ekonomikoaren bidean sendotzen laguntzea. Covid-19ak eragindako krisiari nazioarteko arazo berriak gehitu zaizkio, hala nola Ukrainako gerra, erregaien prezioen igoera, interes-tasen igoera eta inflazioa, adibidez. Azken batean, kontua da inflazioak lazkaotarrei ez eragitea tasa eta zergen alorrean, ez gehiago zamatzea. Tasak eta udal-zergak izoztea erabaki zaila bezain arduratsua da: erabaki honek 70.000 euro inguru biltzeari uztea dakar, baina Udalaren egoera ekonomiko sendoak salbuespenezko neurri hauek hartzea ahalbidetzen du”.


Hobariei dagokienez, aldaketa teknikoak egin dira etxebizitza-sektorean eta hirugarren sektorean energia-eraginkortasuna eta energia berriztagarrien ezarpena sustatzeko. Zehazki, Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergan, ezarritako % 95eko hobaria energia berriztagarrien mota desberdinetara zabaltzea hobetsi da, ez soilik indarrean dagoen Ordenantzan jasota zegoen eguzki-energiara.

Orain, 30 egunez, jendaurrean jarriko da Udalbatzak onartutako 2023ko Ordenantza Fiskalen proposamena, herritarrek beren iradokizunak egin ahal izan ditzaten.

IMG 20221014 115647