Gipuzkoako gizarteak, munduko beste gizarte askok bezala, dilema bati egin behar dio aurre gaur egun. Alde batetik, landa-eremuko lehen sektorean (nekazaritza, abeltzaintza eta basogintzaren kudeaketaz ari gara nagusiki hemen) bizi eta lan egiten duten pertsonek zailtasun handiak dituzte ingurune horretan bizirauteko. Eta bestetik, landa-eremua bereziki kaltebera da eta nekazaritza-sektoreak berebiziko aukerak eta erantzukizunak ditu klima-larrialdiaren aurkako borrokan eta egokitzean.

Herritarren Batzarrari galdera hau egiten zaio: 

Nola bermatu dezakegu Gipuzkoako nekazal-jarduera klima-larrialdiari aurre egiteko?

Bestela esanda, Gipuzkoako landa-eremua eta klima-larrialdia lotzen dituen dilema hau du abiapuntu: Zer ekarpen egin diezaioke Gipuzkoako gizarteak nekazaritza-sektoreari horrek klima-larrialdiaren eraginei aurre egin ahal izateko, eta, aldi berean, sektore gisa erresilientzia ziurtatzeko?

Gipuzkoako Foru Aldundiak deituta, abian jarri da Landa-eremua eta Klima Batzarra eta zozketa zibiko baten bidez aukeratutako pertsonek osatuko dute. Herritarren Batzar honek landa-eremuan bizi eta lan egiten duten pertsonen ahotsak entzungo ditu, baita landa-eremua zein klima-larrialdia ikertzen duten pertsonenak ere. Ondoren, Herritar Batzarreko partaideek deliberatuko dute eta gomendioak aurkeztuko dizkiote foru-erakundeari. Gipuzkoako Foru Aldundiak idatziz eta zehaztutako epeetan erantzungo die gomendioei.

ZERGATIK Gipuzkoako Herritarren Batzarra?

Gipuzkoako Landa-eremuko lehen-sektorearen garapena, eta klima-larrialdiari zein bere eraginei aurre egitea elkarlanean (administrazio publikoak, gizarte zibil antolatua, herritarrak...) uztartu eta landu beharreko erronka konplexua da. Halaber, eragileen arteko koordinazio eta antolaketa-modu berriak eskatzen ditu.

Ebidentziak adierazten du gizarte zibilak klima-larrialdiaren aurkako borrokan eta landa-eremuaren babesean inplikatu nahi duela, baina politika publikoetan parte hartzeko tresnak behar dituela. Bakoitzaren bizitza aldatzeko erronkaz haratago, gizarte zibilak funtsezko zeregina du: etorkizun jasangarriago eta bidezkoago baterako eraldaketaren ERAGILEA izan behar du.

Landa-eremua eta Klima Batzarrak aukera emango du: 

  1. Herritarren gomendio informatuak txertatzea foru-politikak lantzerakoan;
  2. Blokeo politikoei aurre egitea;
  3. Herritarrek ekintza posibleak nola lehenesten dituzten ulertzea;
  4. Gizarte-ekintzaren legitimitatea handitzea aztergai dugun eremuan;
  5. Interes-taldeen ekarpenak agerian uztea;
  6. Gobernantzan, herritarrek parte hartzeko konpromisoa betetzea Klima-larrialdiari aurre egitean, eta baita nekazal-sektorearen garapen zein erresilientzia bermatzeko bidean ere.

Herritarren Batzarkide izateko izen-emate epea urriaren 17an amaitzen da. Ekimenari dagokion informazioa duzue eskuragarri ondorengo webgunean eta prozesuaren inguruko bideoa hemen

Kartela