• Azken kasua asteburu honetan gertatu da. Pozoitzearen ondorioz, txakur batzuk hil egin dira eta beste batzuk albaitaritza-kliniketan artatu behar izan dituzte.
  • Kepa Zubiarrain, alkatea: “erne gaude, baina ezinbestekoa zaigu herritarren laguntza jokabide onartezin horiei amaiera emateko”.

Azken asteotan izugarri igo dira txakurrak eta katuak pozoitzeagatik Lazkaon jarritako salaketak. Azken kasua asteburu honetan gertatu da. Txakur batzuk hil egin dira eta beste batzuk albaitaritza-kliniketan artatu behar izan dituzte. Kaltetuek emandako informazioaren arabera, gehienak San Prudentzio inguruan gertatu dira.

Lazkaoko Udalak herritarrei eskatu die “kontu handiz ibiltzeko eta zaintzeko”, eta Udaltzaingoari abisatzeko, edozein zalantza edo jokabide susmagarriren aurrean. Halaber, azpimarratu du funtsezkoa dela pozoitze-kasuak salatzea: “animaliak edozein substantzia hartu ondoren pozoitzeko edozein sintoma izanez gero, albaitariarengana berehala joan, hartutako substantziaren lagin bat jasotzen saiatu eta Udaltzaingoaren edo Ertzaintzaren aurrean salaketa idatziz aurkeztu, eskura dauden frogak eramanaz”.

“Horrelako jokabideak delitu bat dira, eta zigor kodean tipifikatuta daude”, adierazi du Kepa Zubiarrain alkateak. “Erne gaude, baina ezinbestekoa zaigu herritarren laguntza jokabide onartezin horiei amaiera emateko”.

txakur kasu pozoiketak