• Guztira 15 batukadek plazaratuko dituzte beraien danbor hotsak ehunka musikari baino gehiagorekin. Hego Euskal Herriko hainbat tokitatik etorriko dira egun guztiko festara, tartean Lazkaoko Suthai taldea, Itsasondokoa, Madrilekoak, Valentziarrak edo Jaengoak.
  • Ekimena Lazkaoko Udalak eta Laulagun Bearings enpresak babesten dute eta herriko ostalari eta merkatarien laguntza ere badu topaketak. 

Datorren ekainaren 11n batukaden topaleku bilakatuko da Lazkao. Guztira 15 batukadek plazaratuko dituzte beraien danbor hotsak ehunka musikari baino gehiagorekin. Hego Euskal Herriko hainbat tokitatik etorriko dira egun guztiko festara, tartean Lazkaoko Suthai taldea eta Itsasondokoa. Baita Madrildik bi, Valentziatik edo Jaendik ere.

Prentsa agerraldian aurkeztu dute antolatzaileek ekimena: Imanol Garmendia, Amaia Garmendia, Maialen Arratibel, Xabi Mujika eta Igone Aramendi. Ekimena Lazkaoko Udalak eta Laulagun Bearings enpresak babesten dute eta euren ordezkaritzan izan dira Amagoia Naldaiz Kultura Zinegotzia eta Nahikari Maiz Laulagun enpresako komunikazio arduraduna. Herriko ostalari eta merkatarien laguntza ere badu topaketak. 

Honakoa da antolatutako egitaraua:

 
11:00 Batukaden elkartzea

11:30 Gosaria frontoian

12:00 Herriko puntu ezberdinetan batukaden jotzea

13:30 Plazan elkartu denak

15:00 Bazkaria frontoian

17:00 Herrian zehar

19:00 Plazan elkartuko dira denak eta bakoitzak bere erakustaldia egingo du

20:00 Abesti bat guztiok batera

22:00 Kontzertua

Arratsaldeko 20:00etan izango da jaiaren muina: “sekula egin gabekoa egingo dugu: 200 lagun baino gehiagok erritmo bereko batukada joko dugu: "Lazkao" izena jarri diogu eta Punkadeira batukada taldeko zuzendariak sortu du. Ederra izango da” nabarmendu dute antolatzaileek. 

Amagoia Naldaiz Kultura zinegotziak lankidetzan eta covid-19aren osteko garaian kultur berpiztean jarri du fokua: “honelako topaketa bat ez da huskeria, lan asko dago atzetik eta Lazkaoko Suthai taldeak zein bidelagun dituzten batukadek zein laguntzaile guztiek lan asko burutu dute. Azken bi urteak gogorrak izan dira kulturaren sektorearentzako Covid-19aren pandemia dela eta zeuden neurriak ez baitie lagundu beraien lana aurrera ateratzen, baina bi urte hauen ondorioz ere festa erraldoi hau antolatzeko indarra izan dute. Lazkaoko herri osoaren izenean eskerrak eman eta beraien lana goraipatu nahi dut. Mila esker Suthai eta Lazkaoko batukada topaketa posible egin duten guztiei”. 

Nahikari Maiz Laulagun Bearings enpresako komunikazio arduradunak adierazi du “ilusio” berezia egiten diela Topaketa honetan laguntzaile izateak, “alor industrialetik pixka bat irten eta Laulagunek beste alor batzuekin duen konpromisoa erakusteko aukera ematen digulako ekitaldi honek. Izan ere, Laulagunen baloreetako bat elkarlana da. Egunero bezeroengandik oso gertu lan egiten dugu, eta elkarlan hori oso garrantzitsua da guretzat. Ba berdina esan genezake kasu honetan. Langileen eskutik iritsi zitzaigun proposamen bati elkarlan berdinetik erantzun nahi izan diogu, kasu honetan goierritarrekin elkarlanean aritzeko aukerari. Horregatik, guk ere dei berezi bat egiten diegu goierritarrei larunbatean Lazkaora gerturatu eta ekintza eder honetaz gozatzeko”. 

Antolatzaile eta babesle guztiek herritar zein bisitari guztiak animatu dituzte ekimenean parte hartzera. 

IMG 2559 min

IMG 2547 min