• 18-25 urte arteko gazteei zuzendutako elkarrizketa telefonikoak eta online-inkestak egingo dira. 18 urtetik beherako gazteek ere izango dute prozesu honetan parte hartzeko aukera San Benito ikastolaren bitartez egingo den lanketa bat medio. 

Lazkaoko Udalak, gazteen begiradatik abiatutako diagnostiko baten gauzatze-prozesua jarri berri du abian. 

Udalerriko gazteen errealitateari buruzko argazki bat izatea da helburua, emaitza horien argitan Lazkaoko bizitza esperientzia hobetzeko neurri eta politika zehatzak martxan jartzeko, zerbitzuen, azpiegituren, parte hartzeko bideen eta ekimenen bidez, haien aukerak eta garapena arlo guztietan hobetzen laguntzeko.

Diagnosiaren prozesuan gazteak izango dira protagonista. Azken finean, proiektua haiekin batera lantzea da helburua beren benetako behar, kezka eta nahien berri zuzena jasotzeko.

Gazte lazkaotarren iritzia ahalik eta modu zabalenean jasotzeko asmoarekin, datozen egunetan, Lazkaon erroldatuta dauden 18 eta 25 urte bitarteko gazte guztiei gutun bat bidaliko zaie euren etxera inkesta betetzeko gonbita luzatuz eta jarraitu beharreko pausuak definituz. 

Aldi berean, Ikertalde aholkularitzaren laguntzarekin adin tarte horretan dauden 150 gazte ingururi inkesta telefonikoak egingo zaizkie. 

18 urtetik beherako gazteek ere izango dute prozesu honetan parte hartzeko aukerarik. Kasu honetan ikastolarekin elkarlanean egingo da prozesua. 

Udaletik gazte guztiak beraien ikuspuntu eta iritzia ematera animatu dituzte. 

PORTADA gazte plana