• EITBk, Goierrin Gorri elkarteak eta Lazkaoko Udalak lankidetzan antolatu dute ekitaldia. Arratsaldeko 19:30ean izango da eta gonbidapenak banatuko ditu Goierrin Gorri elkarteak.
  • Ikus-entzunezko proposamen berri honek nesken futbol talde bat du gaitzat.

Ostiral honetan, otsailak 11, EITBk "Irabazi Arte" haur eta gazteentzako fikziozko telesail berria estreinatuko du. Aurrez, ordea, Lazkaoko Frontoian ikusi ahal izango da. EITBk, Goierrin Gorri elkarteak eta Lazkaoko Udalak antolatu dute ekitaldia.

Telesailak emakumezkoen futbol-talde bat hartzen du oinarri eta protagonisten bitartez gaur egun gizartean ematen diren askotariko gaiak landuko dituzte; hala nola, futbolaren inguruan eta kirolean bizi den giroa, emakumeen ahalduntzea, nerabeen eta gurasoen arteko harremanak, familia eta, oro har, gaur egungo nerabeek dituzten erronkak islatuko dituzte.

Aurre-estreinaldia arratsaldeko 19:30ean iznago da Lazkaoko Frontoian. Aforo mugatua izango du eta gonbidapena beharko da ekitaldira joateko. Gonbidapenok Goierrin Gorri elkarteak banatuko ditu.

Aski ezaguna den "Go!azen"en arrakastak sustatuta, Pausoka ekoiztetxeak ETBrentzat sortutako proiektu berria da "Irabazi Arte". Javier Garcia de Vicuña da zuzendaria, eta Sua Enparantza, Iker Galartza eta Jose Ramon Soroiz ditu protagonista nagusi, besteak beste.

Sinopsia

Arene (Sua Enparantza) bere familiarekin Bartzelonatik Learora bizitzera etorriko den nerabe bat da.  Une horretatik aurrera, bizitza berri batera egokitu beharko du Arenek. Aitonarekin bizitzen ikasi beharko du eta lagun berriak ere egin beharko ditu. Baina, batez ere, Arenek denen aurreiritzien aurka kementsu borrokatu beharko du emakumezkoen futbol talde bat sortu ahal izateko, herrian inoiz izan den lehenbizikoa.

Irabazi arte V3