• Kontsumo-bonuen IV. edizioa izango da: 2.500 ale, 30 euroko prezioan, 40 euroko erosketa-balioarekin.
  • Udalak aurreikusten du 2021eko Suspertze Planak 300.000 euro inguru mugituko dituela udalerrian.

Lazkaoko Udalak, tokiko ekonomiari laguntzeko eta suspertzeko konpromisoan sendo, urriaren 18tik aurrera, ‘Nik Lazkaon, zuk zergatik ez?’ bonu komertzialen IV. kanpaina jarriko du abian. 2.500 bonu, 30 euroko prezioan eta 40 euroko erosketa-balioarekin. Guztira 62 merkataritza-establezimendu atxiki dira kanpainara.

Bonuak zenbakituta egongo dira, eta erosten diren unean eroslearen NANa erregistratuko da. Pertsona bakoitzak 5 bonu erosi ahal izango ditu gehienez, eta beste pertsona bat ordezkatuz ere erosi ahal izango du (gehienez 3), NANa aurkeztuta.

Lazkaoko udaletxean egongo dira salgai, urriaren 18tik aurrera, 8:00etatik 18:00etara, edo plazan, horretarako jarriko den karpa batean, astelehen goizetan eta ostiral arratsaldeetan, bonuak agortu arte.

Bonu komertzialekin batera ere eskuragarri jarraitzen dute Ekoizle Baserritarren bonuak. Hauek 20 euroko salneurria dute eta 35 euroko erosahalmena eskaintzen dute. Udalaren helburua da lehen sektorea sustatzea.

Ekimena Lazkaoko Udalak 2021ean merkataritza, zerbitzuak eta ostalaritza sustatzeko duen Sustapen Planari erantzuten dio. Plan hori udalerriko ostalariekin, nekazaritza-ekoizleekin eta merkatariekin partekatu da. Udalak aurreikusten du 2021eko Suspertze Planak 300.000 euro inguru mugituko dituela udalerrian, 100.000 € bonu kanpaina honekin. Kepa Zubiarrain alkateak azpimarratu du inoiz baino garrantzitsuagoa dela hiri-ekonomiari susperraldian laguntzea: "COVID-19aren pandemia atzean uzten ari gara, baina oso egoera zailetik gatoz, bereziki tokiko merkataritzarentzat, eta susperraldi progresiboa eta irmoa behar dugu. Bonuek oso ondo funtzionatu zuten aurreko 3 edizioetan pandemia egoeran, eta herritarren erantzuna berdina izatea espero dugu. 2020an 250.000 euro baino gehiago mobilizatu ziren abian jarritako Suspertze Planaren bidez. Aurten, gure aurreikuspena da 300.000 euro injektatzea orain arte abian jarritako ekimenekin. Beharrezkoa balitz, Udalean neurri eta pizgarri gehigarriak hartzeko prest gaude. Tokiko sare ekonomikoa babestea, gizarte-ongizatearekin batera, lehentasuna da udal-gobernuarentzat”. 

KARTELA EREDUAK page 002

Udazkeneko erosketa bonoak 2 azkenak page 001