• Kopuru horretatik 2032 lagunek urte osorako bazkidetza dute eta gainerako 471 pertsonek hiru hilabeteko edo udako igerileku bazkidetzan eman dute izena.
  • Oraindik ere urteko bazkidetza egiteko aukera irekita dago.
  • Kepa Zubiarrain alkatea: “Pandemiak kirol zerbitzuak egokitzera eraman gaituen arren, zifra horiek bistako egiten dute kirolak gero eta pisu eta garrantzia handiagoa duela gure gizartean eta gure herrian eta horri helduta, kiroldegiko erabiltzaileei azpiegitura eta zerbitzu egokiak eskaini eta bermatzeko lanean jarraituko dugu”.

Urtetik urtera, gero eta herritar gehiago dira kirol praktika bere egunerokoaren baitan txertatzen dutenak eta kirola egitera animatzen direnak.

Dena den, pandemia egoerak eragina izan du kirol arloan ere eta Joxe Miel Barandiaran udal kiroldegiaren bazkide kopuruak beherakada nabarmena izan zuen joan den urteko bazkidetza berritzean. Orain, ordea, egoera hobetzen doan heinean, badirudi beherakada hori ere atzean uzten ari dela kiroldegia eta pixkanaka, bazkidetza gora egiten hasi da berriro: 2021-22 ikasturteari begira, 2503 bazkide ditu jada.

Ildo horretan, Kepa Zubiarrain alkateak adierazi bezala: “pandemiak kirol zerbitzuak egokitzera eraman gaituen arren, datorren ikasturterako jasotako zifrek bistako egiten dute kirolak gero eta pisu zein garrantzia handiagoa duela egungo gizartean eta baita gure udalerrian ere. Horregatik, hori aintzat hartuta, Udaletik kiroldegiko erabiltzaileei azpiegitura eta zerbitzu egokiak eskaini eta bermatzeko lanean jarraituko dugu”.

Lazkaoko udal kiroldegiak bazkidetza mota desberdinak eskaintzen ditu, bai denboraldiari dagokionez - urterokoa, hiruhilekoa - eta bai zerbitzuei dagokionez ere - igerilekukoa, kiroldegikoa… -

Kasu honetan, urte osorako bazkidetza dutenak 2032 lagun dira , modu honetan banatuak:

  • Kiroldegi osoko bazkidetza: 1310
  • Kiroldegiko bazkidetza: 571
  • Igerilekuko bazkidetza: 151

Kopuru horri, baina, hiru hilabeteko edo udako igerileku bazkidetzaren bat dutenen pertsonak ere gehitu behar zaizkio, kasu honetan, beste 471 bazkide, modu honetan banatuta:

  • Kiroldegi osoko bazkidetza: 10
  • Kiroldegiko bazkidetza: 7
  • Igerilekuko bazkidetza: 5
  • Gihar gelako bazkidetza: 22
  • Udako igerilekuetako bazkidetza: 427

Horri jarraiki, urtek bazkidetza egiteko aukera oraindik zabalik dagoela gogorarazi dute Udaletik.

Gaur egun, Joxe Miel Barandiaran kiroldegiak, kirol mota desberdinak egiteko espazioez gain, kirol ikastaro egitarau zabala eskaintzen du urte osoan zehar, haur, gazte zein helduei zuzenduta. Informazio gehiagorako: 943 08 51 93 edo Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko. helbidean.

kiroldegia