• Aste honetan, Diseinu faseari ekingo zaio. Bilera desberdinak egingo dira eragileekin diagnostikoaren emaitzak aurkeztu eta horiek oinarri hartuta, etorkizuna irudikatu eta planaren helburu zein lehentasunak identifikatu eta zehazteko.

Lazkaoko Udalak, Emun aholkularitza enpresaren gidaritzapean, abian jarri du 2021-24 Euskararen Plan Estrategikoa lantzeko prozesua. Prozesu eta Plan hori, baina, herritarren eta euskara eragileen laguntza eta parte-hartzearekin osatzen ari da Udala.

Lehen fasean, galdetegi bat zabaldu zuen Udalak. Lazkaoko Udalak eskertu nahi du herritar zein eragileen parte-hartzea galdetegia betetzerako unean, eta gonbidatu ditu, hurrengo Euskara Batzordean parte hartzera.

Aste honetan, bilera desberdinak gauzatuko dira herriko eragile ezberdinekin. Galdetegian eta bilera hauetan jasotako informazioarekin, diseinu faseari ekingo zaio. Bertan eskuratutako datuekin diagnostiko kualitatibo bat egingo da. Diagnosi kualitatiboa, zein Lazkaoko biztanleria, ezagutza eta erabilera, ekimenak, parte hartzea… kontuan hartuta, gaur egungo Lazkaoko Euskararen diagnostiko bat egingo da. Udalak lana Euskara Batzordean landuko du.

“Planaren bitartez, herritarrekin elkarlanean datozen lau urteetako estrategia eta helburuak finkatu nahi ditugu, guztion erronka eta lana baita gure hizkuntza babestu eta honen erabilera indartzen jarraitzea, Lazkaok herri euskalduna izaten jarrai dezan eta euskara izan dadin herriko hizkuntza nagusia”, azaldu du alkateak, Kepa Zubiarrainek.

 

Euskara Plana