• Merkataritza bonoen III. edizioaren lehen fasean 1.500 bono kaleratu ziren, eta 10 eguneko epean agortu. Orain, bigarren sorta bat kaleratuko da baldintza berberekin: 30 euroko prezioan 40 euroko eroste-ahalmena izango dute.
  • Baserritar ekoizleen bonoak eskuragarri daude ere. Ekoizleen Gidan barneratutako 5 baserritarrei egin ahalko zaizkie erosketak eta 20 eurotan erosi eta 35 euroko erosketa ahalmena eskainiko dute.

Lazkaoko Udalak 1.000 merkataritza bono gehiago jarriko ditu salgai maiatzaren 3tik aurrera, III. edizioaren lehen sortak izandako harrera onaren ondotik. Apirilaren 12an jarri ziren salgai lehen 1.500 bonoak eta 10 egunetan agortu ziren. 3. edizioari dagokion 2. sortak aurrekoaren baldintza berberak izango ditu: 30 euroko prezioan 40 euroko eroste-ahalmena izango dute. Herritar bakoitzak gehienez 5 bono erosteko aukera izango du. Guztira 60 saltoki daude atxikita.

Bonoak zenbakituta egongo dira, eta eroslearen NAN-a gordeko da bonu bakoitza saltzean. Lazkaoko udaletxean egongo dira salgai, 8:00etatik 18:00etara, maiatzaren 3tik aurrera.

Lazkaoko Udalak 2021ean merkataritza, zerbitzuak eta ostalaritza suspertu eta sustatzeko ‘Suspertze Plana’-ren baitako ekimenak dira biak. Covid-19aren pandemiaren harira 2020ko maiatzean abian jarritako Suspertze Planaren eboluzioa da. Plangintza herriko ostalari, baserritar eta merkatariekin partekatua izan da.

Guztira 300.000 euro inguru mugitzea dago aurreikusia. Laguntzak hiru noranzkotan bideratuko dira: ehun industriala, baserritar ekoizleak, eta herriko merkatari, zerbitzu eta ostalariak.

 

Baserritar ekoizleen bonuak, oraindik eskuragarri

Ildo beretik, merkataritza bonuekin batera, baserritar ekoizleen produktuak merkaturatu eta lehen sektorean mugimendu ekonomikoa sortzeko helburuz, Udalak aipatu sektoreari zuzenduriko bonuak jarri ditu lehen aldiz salmentan, hain zuzen 200 ale.

Horiek 20 eurotan erosi eta 35 euroko erosketa ahalmena eskaintzen dute, Baserritar Ekoizleen Gidan barneratutako 5 baserritarrei erosketak egin ahal izateko. Bonuak oraindik eskuragarri daude Lazkaoko udaletxean, 8:00etatik 18:00etara bitartean eta herritar bakoitzak 5 bonu eskuratu ahal izango ditu. Kanpaina, gainera, azaroaren 30a arte luzatuko da.

Bonoak