• Udaletik martxan jartzera doazen neurriek, 100.000 eurotik gorako eragina izango du Udal kontuetan, eta 200.000 eurotik gora mugiaraztea aurreikusten da erosketa bonoen bitartez.
  • 2020ko maiatzean abian jarritako Suspertze Planak 250.000 euro mugitu zituen lerro ezberdinen bitartez: tasetan hobariak, diru-laguntzak inbertsioak laguntzeko, eta kontsumoa bultzatzeko neurriak.

Lazkaoko Udalak prest du merkataritza, zerbitzuak eta ostalaritza suspertu eta sustatzeko plangintza 2021erako. Covid-19aren pandemiaren harira 2020ko maiatzean abian jarritako Suspertze Planaren eboluzioa da. Plangintza urtarrileko Ekonomia batzordean aurkeztu zen eta herriko ostalari eta merkatariekin partekatua izan da.

Guztira 300.000 euro inguru mugitzea dago aurreikusia. Laguntzak hiru noranzkotan bideratuko dira: ehun industriala, baserritar ekoizleak, eta herriko merkatari, zerbitzu eta ostalariak.

Kepa Zubiarrain alkateak azpimarratu du oso plangintza asmo-handikoa dela: “egoeraren zailtasunaz kontziente gara, eta badakigu neurri hauek ez dutela batzuen egoera erabat asebeteko. Baina Udalaren eskumen eta baliabideen barnean, neurri oso garrantzitsuak dira. 2020an 250.000 euro baino gehiago mugiarazi ziren abian jarritako Suspertze Planean. Aurten 300.000 euroko aurreikuspena dugu egina uneko egoerarekin. Beharko balitz, neurri eta pizgarri gehigarriak hartzeko prest gaude Udalean. Herriko ehun ekonomikoaren babesa, gizarte ongizatearekin batera, oinarrizko lehentasuna da Udalarentzat”.  

Honakoak dira adostu diren neurriak:

  • Ehun industriala babestu eta sustatzea: GOIEKI-rekin elkarlanean, Covid-19aren pandemia osteko Lazkaoko ehun ekonomiko-industrialaren egoeraren diagnosi bat egingo du Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiaren Berrabiarazi programaren barnean. Diagnosi horren ondoren enpresa bakoitzak martxan jarri beharreko akzio plana definitzen lagundu eta egikaritzeko dirulaguntza bultzatuko dira.
  • Covid-19aren aurrean osasun neurriak betetzeak sortutako gastuetan laguntzeko dirulaguntzak jarraipena izango du 2021ean. Lagundutako gastuak: gel, musuko, erabilera bakarreko oihalak,… Aurkeztutako gastuaren %60-ko laguntza izango da, 500 euroko mugarekin. Uztailaren 15-era bitarte egongo da zabalik eskaera epea.
  • Covid-19aren ondoriozko egoera berrira moldatu eta jarduerak ber-asmatzeko inbertsioak ere diruz lagundu dira 2020 ekitandian. Azken deialdia urtarrilaren 31ra arte luzatu zen. Eskaera aurkeztu zuten 26 establezimentuen artean 29.000 eurotik gora banatu dira. Laguntzaren onarpen ona ikusita, aurtengo ekitaldirako deialdi berri bat luzatzea erabaki da, apirilaren 15a bitarte luzatuko dena.
  • Terrazen azaleraren muga handitzeko erabakiak jarraipena izango du ere 2021ean. Beti ere, gutxieneko bizikidetza eta hirigintza arauak betearaziz.
  • Ostalaritza, tasetan hobariak 2021eko lehen 6 hilekoan, mahai eta aulki, toldo, errotulu eta zaborren tasarik ez da ordainduko, ezta uraren zati finkorik ere. Bestalde, uraren kontsumoaren tarifa %40 murriztuko da. Uztailean berriz egoera aztertuko da, neurrien luzapena zehazteko.
  • Negozio berrien irekiera laguntza indartuko da: irekiera berrietan 500 euroko laguntza emango du Udalak eta egokitzapen gastuetan %20-eko laguntza, 1.250 €-ko mugarekin
  • Kontsumoa sustatzeko kanpainak: merkataritzan, erosketa bonoen 2 kanpainak errepikatuko dira, udaberrian eta udazkenean.
  • Baserritar Ekoizleen Gida kaleratu berri du Udalak. Udaberrira begira Ekoizle hauei zuzendutako erosketa bonoak jarriko dira abian.

2020ko Suspertze Planak 251.118 euro mugitu zituen

Lazkaoko Udalak 2020ko maiatzean jarri zuen abian Covid-19aren aurrean Suspertze Plana. Helburu du herriko ehun ekonomikoa eta enplegua babestu, kontsumoa bultzatu, eta pandemia ondorengo normaltasun berriaren aurrean sustapen neurriak bultzatzea.

Hori oinarri, hiru laguntza lerro nagusi hartu ditu bere baitan Suspertze Planak: tasetan hobariak, diru-laguntzak inbertsioak laguntzeko, eta kontsumoa bultzatzeko neurriak.

Ostalaritza, merkataritza eta zerbitzuetan ezarritako tasen hobarietan 2020an 37.568 euroko inbertsioa burutu du Udalak.

Horrez gain, Covid-19aren aurrean osasun neurriak bete zein egoera berrira egokitzeko inbertsioetan 35.500 euro bideratu dira laguntzetan. Negozio berriak irekitzeko laguntzetan 5.050€.

Eta azkenik, kontsumoa bultzatzeko sustapen neurriek, hala nola, kontsumo bonoak eta sentsibilizazio kanpainak, 173.000€ mugitu dituzte.

Berraktibazio plana