• Urriaren 19tik aurrera erosi daitezke Udalean ohiko harrera-ordutegian eta astelehenetan goizez eta ostiraletan arratsaldez Plazan ezarriko den salmenta puntuan. Lazkaoko 61 saltoki atxiki dira.
  • Bonoek aurrekoen baldintza berberak izango dituzte. 20 euroko prezioan 30 euro erosteko ahalmena dute bonuek: 5 euroko 6 kupoitan banatuko dira eta pertsona bakoitzak 10 bonu erosi ahal izango ditu gehienez. 
  • Kepa Zubiarrain alkateak nabarmendu du “herritarren eta merkatarien aldetik oso harrera ona eduki dute bonoek. Herriko saltokiekin elkarlanean garatu dugu bono kanpaina berri hau ere, beste hainbat laguntza lerro eta tasa salbuespenak aplikatzearekin batera. Lehen sektoreko ekoizleekin harremanetan gaude ere, beraiei zuzendutako bono-kanpaina berri bat lantzen. Herriaren garapen ekonomiko zein sozialaren zimendua dira. Konpromiso osoa dugu gure saltokiekin” adierazi du. 

Herriko ekonomia berraktibatzeko ‘Nik Lazkaon, zuk zergatik ez’ bonu kanpainari jarraipena emango dio Lazkaoko Udalak bono sorta berri bat kaleratuz: guztira 1500 bono berri jarri dira salgai eta urriaren 19tik aurrera erosi daitezke. Lazkaoko 61 saltoki atxiki dira.

Bonoek aurrekoen baldintza berberak izango dituzte. 20 euroko prezioan 30 euro erosteko ahalmena dute bonuek: 5 euroko 6 kupoitan banatuko dira eta pertsona bakoitzak 10 bonu erosi ahal izango ditu gehienez. Zenbakituta egongo dira, eta eroslearen NAN-a gordeko da bonu bakoitza saltzean. Bi mota daude, txartelen atzeko zerrendan duten kolorearen arabera: bi bonu saltoki guztietan erabil daitezke (elikadura-dendak barne), eta gainerako laurak elikadura-denda ez beste guztietan erabili ahalko dira. Lazkaoko udaletxean egongo dira salgai, astelehenetik ostiralera 9:00etatik 18:00etara, eta Plazan jarriko den  salmenta puntuan astelehenetan 9:00etatik 12:00etara eta ostiraletan 17:00etatik 20:00etara.

Kepa Zubiarrain alkateak nabarmendu du “herritarren eta merkatarien aldetik oso harrera ona eduki dute bonoek. Herriko saltokiekin elkarlanean garatu dugu bono kanpaina, beste hainbat laguntza lerro eta tasa salbuespenak aplikatzearekin batera. Herriko ehun ekonomikoa ezinbesteko aktibo da aurrera egiteko: aberastasun eta enplegu sortzaile dira, herritarren ongizatea bermatuz; herriaren garapen ekonomiko zein sozialaren zimendua. Konpromiso osoa dugu gure saltokiekin” adierazi du.

 

‘Nik Lazkaon, zuk zergatik ez?’ kanpainak 90.000 euroko eragin ekonomikoa izan zuen herrian ekainetik abuztura bitartean 

Iñaki Estensoro, Ekonomia Sustapeneko zinegotziak adierazi duenez, “oso arrakastatsua izan zen”. Guztira 3000 bono jarri ziren salmentan, lehen txandan 2000 eta izandako arrakastari jarraiki bigarren txanda batean beste 1000 bono, eta 400-dik gora herritarrek (Lazkaotar, zein kanpoko) erosi zituzten; bataz beste 7 bono eta erdi bakoitzak.

Bonoen %81 itxialdian itxita egon diren establezimenduetan erabili dira: %30 arropa dendetan, %18 zerbitzuetan (ileapaindegi eta fisioterapia zerbitzuak nagusiki), eta %32 bestelako dendetan.

61 saltokitan erabili ahal izan diren bonoek 90.000 euroko eragin ekonomikoa izan dute herrian. Kanpainak izan duen bataz-besteko inpaktua honakoa izan da: 822 € itxialdian irekita egon saltokietan eta 2183 € itxialdian itxita egon zirenetan.

Kepa Zubiarrain alkateak adierazi duenez, “garai zailak izaten jarraitzen dute gure ehun ekonomikoarentzako eta oraindik ez dakigu ziurtasunez zein izango den etorkizun hurbila, ezta alor ekonomikoan ere. Covid-19ak gurekin jarraitzen du, eta nahiz eta baliabideak geroz eta mugatuagoak diren, gure lurraren ongizatearen motorra Argi dugu ordea, baliabideak mugatuak badira ere, enpresek eta langileek alboan izango gaituztela, alboan izango dutela Lazkaoko Udala.”

 

Berraktibazio Planak aurrera darrai

Udalak maiatzean Berraktibazio Plana jarri zuen abian, koronabirusak ekonomian dituen ondorioak arintzeko eta herritarrak babesteko. Lazkaoko ekonomia sustatzea eta garatzea Udalaren helburu nagusia izanik, merkataritza-, ostalaritza- eta zerbitzu-jarduera aktibatzeko neurri sorta hartzen du bere baitan, suspertze-planaren oinarrietako bat bezala, gizarte-, ekonomia- eta kultura-esparruak barne hartuta.

Beste hainbaten artean, udalerriko jarduera ekonomikoa ahalik eta lasterren berreskuratzeko osasun-baldintza egokienak bermatzeak dakarren gastuen % 60 diruz laguntzeko lerroa sortu zuen Udalak eta irailaren 30ean amaitu zen eskaera epea. Udalak jada bideratu ditu eskaera guztiak. Helburua NBE-EPI (maskara, eskularruak, gela), desinfekzio-elementuak eta -sistemak (ozonoa, uhin ultramoreak), babes-manparak, pedalen paperontziak, gai informatikoak, merkaturatze-eredu berrien egokitzapenak eta sustapena (online plataformak) erosteak eragindako gastuak arintzea izan da.

 

2