Lazkao, Ordizia eta Beasaingo Udalek OGASUNAREKIN EUSKARAZ! lelopeko kanpaina jarri dute martxan. Ezohiko egoera honetan eta aurrez aurreko hitzorduak oraingoz bertan behera geratu badira ere, 2009az geroztik urtero ohikoa den Errenta aitorpena euskaraz kanpaina zabaltzea erabaki dute beste hainbat udalerri eta erakunde publikoekin batera.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, bestalde, Gipuzkoan lau urteko egitasmoa abiarazi du, 100.000 zergadun ogasunarekin euskaraz izenekoa. Egitasmo horren baitan, Ogasunarekin euskaraz leloa gehitu dute aurtengo kanpainari lotutako euskarri guztietan eta Lazkaok, Ordiziak eta Beasainek ere, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin bat eginez, lelo hori bera erabiliko dute aurtengo Errenta aitorpena euskaraz kanpainan.

Kanpainaren helburua

Kanpainaren helburua da euskaraz egiten diren aitorpenen kopurua haztea eta iaz baino herritar gehiagok egitea deklarazioa euskaraz.

Honakoak dira euskaraz egindako aitorpenen ehunekoak urtez urte:

Urtea Beasain Ordizia Lazkao
2009 8,37 8,29 15,52
2010 9,77 11,79 16,55
2011 11,42 13,49 19,24
2012 13,50 14,89 22,15
2013 14,44 16,73 23,76
2014 15,60 17,10 25,61
2015 17,49 18,19 27,01
2016 17,87 18,54 27,88
2017 18,72 19,71 27,47
2018 19,15 19,94 29,07

Errenta aitorpena ere euskaraz

Aurrez aurreko hitzorduak oraingoz bertan behera geratu badira ere alarma egoeraren eta osasun larrialdiaren ondorioz, 2019 urteari dagokion errenta aitorpena kanpainan internet bidez aurkez daitezke aitorpenak apirilaren 15etik uztailaren 29ra bitarte, eta apirilaren 6tik aurrera etxera bidalitako autolikidazio proposamenak onar daitezke. 

Hiru bide daude aitorpena egiteko:
1. Autolikidazio proposamena
2. Mekanizatua
3. Internet bidezkoa

Aukeratutako bidea edozein dela ere, ez dago inolako arazorik aitorpena euskaraz egiteko, eta euskaraz egin nahi duzula esan besterik ez duzu egin behar. Nola?

Autolikidazio proposamena

Proposamena eta gutuna ele biz jasoko dituzu, eta, onartzeko garaian, euskaraz nahi duzula esatea baino ez duzu. Aurtengo behin betiko deklarazioa euskaraz bidaliko dizute, eta aurrerantzean ere hala egingo dute.

Mekanizatua

Ogasuneko bulegoan hitzordua eskatzerakoan, esan Ogasunarekin harremanak euskaraz izan nahi dituzula. Horrez gain, aitorpena egitera joatean, eskatu agiria euskaraz ematea nahi duzula.

Internet bidezkoa

Aholkularitza zerbitzura joatean, espresuki adierazi aitorpena euskaraz egin nahi duzula. Internet bidez errenta programa jaitsiz gero, berriz, euskarazkoa aukeratu.

 

Euskarak Goierrin aurrera egin dezan nahi badugu behintzat, garrantzitsua da zergadun euskaldunak aitorpena euskaraz egiteko urratsak egitea; hau da, gutako bakoitzak hizkuntza hautatzeko dugun aukeraz baliatzea. Beraz, egizu euskararen aldeko aukera.

 

Errenta aitorpena euskaraz eginez, arlo honetan ere euskarari aitorpena egiten diozu.

Zeure aukera da, OGASUNAREKIN EUSKARAZ.

Ogasunarekin euskaraz 1