• Lehiaketaren irabazlea azaroaren 25ean jakinaraziko da, 10:00etan, Lazkaoko erakusketa aretoan egingo den sari banaketan. Bertan, aurkeztutako lan guztiak egongo dira ikusgai hilaren 30era arte. 
  • Udalak, halaber, bat egin du EUDELen adierazpen instituzionalarekin, eta babesa adierazi dio 19:00etan frontoian egingo den elkarretaratzeari.

 

Azaroaren 25ari begira, Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna dela eta, Lazkaoko Udalak arte-sorkuntzako lehiaketa antolatu du, herriak indarkeria matxistaren aurka duen jarrera irudikatuko duen irudia aukeratzeko. Gizarte Zerbitzuen, Berdintasunaren eta Adinekoen arloak sustatutako ekimenak jatorrizko 29 lan bildu ditu, banaka zein taldeka aurkeztutakoak.

Epaimahaiak lanen kalitate artistikoa eta sormena nabarmendu ditu, eta aitortu du ez dela erraza izan irabazlea aukeratzea. Proposamen guztiak azaroaren 25etik 30era egongo dira ikusgai Lazkaoko erakusketa aretoan, herritarrek aurkeztutako lanak bertatik bertara ezagutzeko.

Sari banaketa azaroaren 25ean, asteazkenean, egingo da, 10:00etan, erakusketa aretoan bertan. Ekitaldian jakinaraziko da zein den irudi irabazlea, eta haren egileak edo egileek 300 euroko bonua jasoko dute Gerriko liburu dendan erabiltzeko. Gainerako parte-hartzaileek ere oroigarri bana jasoko dute, egindako ekarpena eskertzeko.

Lehiaketaren bidez, indarkeria matxistaren eta sexistaren inguruko hausnarketa sustatu nahi du Udalak, baita indarkeria horiek prebenitzeko eta desagerrarazteko gizarteko eremu guztietan jardutearen garrantzia azpimarratu ere. Aukeratutako irudia etorkizuneko udal argitalpenetan erabiltzeko aukera ere aurreikusi da, lehiaketaren bidez zabaldutako gaitzespen mezua aurrerantzean ere presente egon dadin.

Bestalde, Lazkaoko Udalak bat egin du EUDELen adierazpen instituzionalarekin, eta babesa adierazi dio azaroaren 25ean, 19:00etan, frontoian egingo den elkarretaratzeari. Bertan, talde feministek eta herriko beste hainbat eragilek parte hartuko dute.

Lehiaketak eta azaroaren 25eko ekitaldiek agerian uzten dute indarkeria matxistaren aurkako jarrera ez dela egun jakin batera mugatzen. Indarkeria horri aurre egiteko, ezinbestekoa da erakundeen eta herritarren etengabeko inplikazioa, baita haren adierazpen guztien aurrean zero tolerantziako jarrera irmoa izatea ere.


 irudi lehiaketa