- Nere Erkiagak lau prestakuntza-saio eskainiko ditu azaroaren 24an eta abenduaren 1ean, 15ean eta 22an, heriotzaren pedagogia hezkuntza-esparruan lantzeko tresnak eskaintzeko helburuarekin.
Heriotzaren Pedagogia hezkuntza sisteman txertatzea ez da beti erraza izaten, gizartean heriotzak duen tabuaren ondorioz. Lazkaoko Udalak, Lazkaoko Ikastolarekin elkarlanean, heriotzaren pedagogiaren inguruko prestakuntza antolatu du.
Formazioa Nere Erkiagak gidatuko du. Erkiaga tanatologian, dinamika parte-hartzaileetan eta kultur transmisioan aditua da, eta 2018an sortutako Hil Argi Elkartearen sustatzailea.
Prestakuntza bi orduko lau saiotan egingo da, 2026ko azaroaren 24an eta abenduaren 1ean, 15ean eta 22an. Lazkaoko Ikastolako BAT Taldeari zuzenduta egongo da. Talde hori ikastolako hezkuntza-maila desberdinetan lan egiten duten profesionalek osatzen dute.
Ikasleei laguntzeko tresnak
Tailerraren helburua irakasleei heriotzaren gaia naturaltasunez eta errespetuz lantzen laguntzea da, bai dolu-egoeretan, bai ikasgelako eguneroko jardunean. Izan ere, galera bat gertatu aurretik ere heriotzaz hitz egiteak ikasleei egoera horiei aurre egiteko baliabide emozionalak garatzen lagun diezaieke.
Saioetan zehar, parte-hartzaileek beren esperientziak, zalantzak eta kezkak partekatzeko aukera izango dute. Era berean, heriotzaren inguruko beldurrei eta tabuei buruz hausnartuko dute, eta ikasgelan erabiltzeko proposamen praktikoak ezagutuko dituzte.
Prestakuntzak eduki teorikoak eta dinamika parte-hartzaileak uztartuko ditu, Ikerketa-Ekintza Parte-hartzailearen metodologian oinarrituta. Ikasgelarako baliabideak eta jarduerak lantzeaz gain, irakasleek dolu-egoeren aurrean eman daitezkeen erantzunak aztertuko dituzte, eta hezkuntza-komunitatearentzat baliagarriak izan daitezkeen jarduera-jarraibideen proposamenak prestatuko dituzte.
Ekimen honen bidez, Lazkaoko Udalak irakasleei ikasleen bidelaguntza emozionalean lagundu nahi die, eta hezkuntza-komunitatean sor daitezkeen egoera zailei aurre egiteko baliabideak eskaini.
Azkenik, Lazkaoko Udalak eskerrak eman dizkie Lazkaoko Ikastolari eta bertako irakasleei prestakuntza honetan parte hartzeko erakutsitako prestutasunagatik eta inplikazioagatik.
