-
Saioak Sendian, Adinkide, Lugaritzeko Bizitza Osorako Etxebizitzak eta Txirikorda esperientziak ezagutzeko aukera eman zuen; pertsona zaintzaileentzako laguntza, nahi ez den bakardadea, autonomia eta bizikidetza-modu berriak izan zituzten ardatz, eta antzeko proposamenak Lazkaon sustatzeko aukeraren inguruko hausnarketa ere zabaldu zuen.
Udako oporren ostean, Lazkaoko zaintzen inguruko mahai zabalak berriz ekin dio jardunari, arlo honetan herriak etorkizunera begira dituen erronkak eta aukerak elkarlanean lantzen jarraitzeko. Laugarren saioa irailaren 24an egin zen Liburutegian, eta bertan elkartu ziren udal ordezkari politikoak eta teknikariak, herriko elkarte eta eragileak, baita zaintzaren errealitatea gertutik ezagutzen duten herritarrak ere.
Topaketak beste leku batzuetan dagoeneko martxan dauden hainbat esperientzia ezagutzeko eta horiek Lazkaori eskain diezazkioketen ikaskuntzen inguruan hausnartzeko aukera eman zuen. Aurkeztutako ekimenek askotariko errealitateak izan zituzten hizpide: pertsona zaintzaileei ematen zaien laguntza, nahi ez den bakardadea, autonomia pertsonala eta bizikidetza-modu berriak, besteak beste.
Aurkeztutako lehen esperientzia Sendian izan zen, mendekotasun-egoeran dauden pertsonen zaintzaile afektibo eta familiarrei zuzendutako programa. Banakako arreta psikologikoaren, laguntza-taldeen eta prestakuntza-saioen bidez, askotan bakardadean bizi den zaintza-lana beren gain hartzen dutenei laguntzeko eta sostengua emateko baliabideak eskaintzen ditu. Tresna horiek babes-sare garrantzitsua dira, beraz, pertsona zaintzaileentzat.
Bigarren esperientzia Adinkide izan zen. Bakardade-egoeran dauden edo isolatzeko arriskua duten adineko pertsonak boluntarioekin harremanetan jartzen ditu egitasmoak. Laguntasun-harremanak eta komunitatearekiko loturak sustatzea, nahi ez den bakardadeari aurrea hartzea eta ongizate emozionala indartzea ditu helburu. Era berean, adineko pertsonek beren harreman-sareei eutsi eta komunitateko bizitzan parte hartzen jarrai dezaten lagundu nahi du.
Ondoren, hirugarren esperientzia gisa, Lugaritzeko Bizitza Osorako Etxebizitzak ezagutzeko aukera izan zen, Matia Fundazioak sustatua. Pertsonek ahalik eta autonomia handienarekin bizitzen jarrai dezaten, beren bizi-proiektua garatu ahal izan dezaten eta komunitatearekiko loturari eutsi diezaioten dago pentsatuta.
Bereziki, zaintza-behar intentsiboak dituzten pertsonei eta zaintza-lan horietan laguntzen dietenei zuzendutako bizikidetza-irtenbideak dira. Ereduak aukera ematen die biei elkarrekin bizitzen jarraitzeko, baita laguntza-beharrak handitzen direnean ere, eta, aldi berean, bakoitzaren intimitatea eta espazio pertsonala bermatzen ditu. Horrela, bai pertsona zaintzaileak bai zaindutako pertsonak beren bizi-proiektuekin aurrera jarrai dezakete, behar dituzten laguntza eta zaintzak jasoz.
Laugarren esperientzia Txirikorda izan zen, Usurbilgo Udalak sustatutako belaunaldien arteko etxebizitza-eredua. Egitasmoak gazteek emantzipatzeko dituzten zailtasunei zein adineko pertsonek izan ditzaketen bakardade-egoerei edo irisgarritasun-arazoei erantzutea du helburu.
Ereduaren ezaugarri nagusietako bat da ekipamenduaren diseinua bera komunitate-harremanak sustatzeko pentsatuta dagoela, bertan bizi direnen arteko elkarlana, elkarrekiko laguntza eta eguneroko topaketak erraztuz. Hala, etxebizitza ez da bizitzeko espazio soil gisa planteatzen, harremanak sortzeko, komunitatea indartzeko eta zaintza-sare naturalak ehuntzeko tresna gisa ere bai.
Aurkeztutako esperientziek askotariko hausnarketak eta emozioak eragin zituzten parte-hartzaileen artean. Batzuek adierazi zuten gaur egun dauden ekimenak oraindik ez direla nahikoak behar guztiei erantzuteko eta, hainbat arrazoirengatik, ez direla beti erraz eskuragarriak pertsona guztientzat.
Beste parte-hartzaile batzuek, berriz, harridura agertu zuten halako esperientziak dagoeneko martxan daudela jakitean, ordura arte ez baitzituzten ezagutzen. Hortik abiatuta, saioak Lazkaorentzat eredu horietako zein izan daitezkeen inspirazio-iturri hausnartzeko aukera ere zabaldu zuen.
Lazkaon dagoeneko bestelako ekimenak badauden arren, topaketan agerian geratu zen saioan ezagututakoen antzeko proposamenak garatzeko aukera ere egon daitekeela. Hausnarketa argi planteatu zen: horrelako esperientziak beste herri eta komunitate batzuetan dagoeneko martxan badaude, zergatik ezin dira Lazkaon ere garatu?
Prozesuak hurrengo saio batean izango du jarraipena. Orain arte egindako lana oinarri hartuta, ondorio nagusiak partekatuko dira eta Lazkao irisgarriago, zaintzaileago eta inklusiboago baterantz aurrera egiten jarraitzeko erronkak eta lehentasunak zehaztuko dira.
