- Lazkaoko Udalak Josefa Ignacia Albisu Aranbururen ibilbidea eta ondarea aitortu ditu. 1885ean pilotan emakumeen parte-hartzeari bidea ireki zion emakume aitzindaria izan zen, eta gaur egun udalerriaren memoria historikoaren parte da.
Lazkaoko Udalak plaka bat jarri du gaur, irailak 29, San Migel egunean, Josefa Ignacia Albisu Aranbururen omenez, Joxpinixi izenez ezaguna zena. Ekimen honen helburua emakume lazkaotarr aitzindari honen ibilbidea aitortzea eta udalerriaren historian egindako ekarpena nabarmendu eta balioan jartzea da.
Ekitaldia Lazkaoko pilotalekuan egin da, 1885eko martxoaren 8an Joxpinixik jokatu zuen partida historikoa bertan izan baitzen. Bertan izan dira omenduaren senideak ere. Ekitaldian zehar, Udalak plakaren kopia bana eman die bertaratutako senideei, une esanguratsu honetan parte hartzeagatik esker ona eta aitortza adierazteko.
Ekitaldian, Kepa Zubiarrain Lazkaoko alkateak nabarmendu duenez, plaka jartzeak “ez du oroigarri edo omenaldi bat jartzea soilik esan nahi”; aitzitik, “Lazkaoko emakume baten izena eta haren ausardia gure herriaren historian txertatzea” dakar.
Udalak gogorarazi duenez, Josefa Ignacia Albisu Aranburua 1859an jaio zen Labe Etxean, pilotalekuaren inguruan kokatutako etxean, eta 1885eko martxoaren 8an ezohiko gertaera baten protagonista izan zen, izan ere, pilota partida bat jokatu zuen pilotaleku honetan bertan bi gizonen aurka eta garaipena lortu zuen.
Kirol emaitzaz harago, Udalak nabarmendu du ekintza hark izan zuen garrantzia, garai hartan emakumeen presentzia pilotan ez baitzen ohikoa, eta are gutxiago gizonezko jokalarien aurkako partida batean pilotaleku batean parte hartzea. Bere erabakiarekin, Joxpinixik ondoren etorri ziren emakumeentzat bidea ireki zuen, eta ausardiaren eta erabakitasunaren erreferente bihurtu zen.
Kepa Zubiarrainek adierazi duenez, “gaur ez dugu partida hura bakarrik gogoratzen, hura jokatzeko izan zuen ausardia baizik”. Alkatearen hitzetan, Joxpinixi “bere garaiko emakume aurreratua izan zen” eta “bere ekintzek ireki zituzten bideak”.
Lazkaoko Udalaren ustez, ezinbestekoa da udalerriaren garapen sozial eta kulturalari ekarpena egin dioten emakumeen istorioak berreskuratzen eta ikusgarri egiten jarraitzea. Plaka hau jartzeak Josefa Ignacia Albisu Aranbururen memoria bizirik mantentzea ahalbidetzen du, baita haren egitekoa aitortzea ere; izan ere, bere ereduz, etorkizuneko belaunaldientzako parte-hartze esparruak zabaltzen lagundu zuen.
Omenaldi honekin, Lazkaok Joxpinixi eta gizarte berdinzaleago baterako bideak ireki zituzten emakume guztien aitortza iraunkorra gehitu dio bere ondare historikoari.