• Erakusketak 2027ko Aurrekontu Parte-hartzaileetako proposamen finalistak ezagutzeko aukera ematen du, baita Lazkaon erroldatuta dauden 16 urtetik gorako pertsonek boto-formularioa horretarako prestatutako hautetsontzian uzteko aukera ere. Epea irailaren 30era arte egongo da zabalik.

Lazkaoko Udalak Kultur Etxeko erakusketa aretoan jarri du 2027ko Aurrekontu Parte-hartzaileetako sei proiektu finalistei buruzko erakusketa. Ekimen honek 100.000 euroko zuzkidura izango du, eta helburua da proposamenak herritarrei hurbiltzea eta lazkaotarrek proiektuak ezagutzeko aukera izatea, herriarentzat lehentasunezkotzat jotzen dituztenak hautatu aurretik. 

Erakusketan, hasieran jasotako 142 proposamenen artean azterketa teknikoa gainditu duten proiektuak ezagutu daitezke. Sei jarduera hauek iritsi dira azken fasera: Orobioneko Adinekoen Zentroko altzariak berritzea eta klimatizazio sistema bat jartzea; haurdunaldiko, jaiotza inguruko eta jaioberrien heriotzagatiko doluari aurre egiten dioten familiei laguntzeko gune bat sortzea; Meandro inguruan zuhaitzak landatzea eta bankuak jartzea; kiroldegiaren aurrean bizikletentzako aparkaleku estali bat jartzea; udal ikasgelan klimatizazio sistema bat instalatzea; eta San Prudentzio auzoan igogailu bat jartzeko azterlana eta proiektua idaztea.

Proposamenak ezagutzeaz gain, erakusketa bisitatzen duten pertsonek bertan parte hartu ahal izango dute prozesuan. Aretoan botoa aurrez aurre emateko formularioak jasotzeko hautetsontzia jarri dute.

Lazkaon erroldatuta dauden 16 urtetik gorako pertsona guztiek eman ahal izango dute botoa. Parte-hartzaile bakoitzak sei proiektuetatik hiru aukeratu beharko ditu, eta lehentasunaren arabera ordenatu: 1 zenbakia lehen aukerari eman beharko dio, 2 zenbakia bigarrenari eta 3 zenbakia hirugarrenari.

Bozketa irailaren 30era arte egongo da zabalik. Aurrez aurreko parte-hartzea Kultur Etxeko erakusketa aretoan egin ahal izango da, astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 19:00etara. Internet bidez ere parte hartu ahal izango da, udalaren webgunean horretarako prestatutako formularioaren bidez: https://labur.eus/AurrekontuPartehartzaileakLazkao20272.

Lazkaoko Udalak 100.000 euro bideratuko ditu 2027ko Aurrekontu Parte-hartzaileetara, eta lazkaotarrak animatu ditu erakusketara hurbiltzera, proposamenak ezagutzera eta herriarentzat lehentasunezkotzat jotzen dituzten jarduerak aukeratzeko prozesuan parte hartzera.


 2027ko Aurrekontu Parte hartzaileak erakusketa 1

 

2027ko Aurrekontu Parte hartzaileak erakusketa 2