- Astotxo Eguneko astotxo protagonistaren urratsak jarraitzean datza jarduera, parte-hartzaileak udalerriko hainbat gune adierazgarrietnetan zehar gidatzen ditu aplikazio mugikor baten bidez.
- Ibilbideak 1,5 kilometro inguru ditu, eta 60 minutuko iraupena, gutxi gorabehera. Enigma bakoitza hezitzailea eta entretenigarria izateko diseinatuta dago: parte hartzaileek eraikinen, eskulturen, plaken edo elementu historikoen xehetasunak behatu behar dituzte, pistak interpretatu eta hurrengo puntura aurrera egiteko behar bezala erantzun.
Lazkaoko Udalak “Astotxoaren arrastoa jarraituz” gida digital berria aurkeztu du gaur. Gymkana interaktiboa da, eta herritarrei zein bisitariei Lazkaon barrena ibiltzeko aukera ematen die, herriko historia, ondarea eta tradizioak ezagutzen dituzten bitartean. Aurkezpenean izan dira Azahara Domínguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatua, Kepa Zubiarrain Lazkaoko alkatea, Niko Osinalde Goiturreko zuzendaria, Aritz Goikoetxea Hezkuntza zinegotzia eta Libe Otegui Foru Aldundiko Turismo zuzendaria.
Jarduera Astotxo Eguneko protagonista den astotxoaren urratsak jarraitzean datza. Horretarako, parte-hartzaileak udalerriko hainbat gune esanguratsutan barrena gidatzen ditu aplikazio mugikor baten bidez. Gymkanan parte hartzeko, informazio-panel bat jarri da, oraingoz, udaletxean. Bertan, hasierako guneak zehazten dira, eta kokaleku bakoitzean aurkituko diren erronkak eta enigmak ebazteko jarraibideak eskaintzen dira.
Enigma bakoitza hezitzailea eta entretenigarria izateko diseinatu da. Parte-hartzaileek eraikinen, eskulturen, plaken edo bestelako elementu historikoen xehetasunak behatu, pistak interpretatu eta erantzun zuzena eman beharko dute hurrengo puntura igaro ahal izateko. Gymkanak elementu historikoak eta tokiko pertsonaien erreferentziak uztartzen ditu, hala nola Lazkao Txiki herriko bertsolari ospetsua, baita kultur tradizioak ere, besteak beste pilota-jokoa eta monasterioko bizitza monastikoa.
Ibilbideak 1,5 kilometro inguruko luzera du, eta ordubete inguruan osatu daiteke. Bitarte horretan, parte-hartzaileek esperientzia ludiko, kultural eta hezitzaile batez gozatzeko aukera izango dute. Jarduera modu autonomoan egin daiteke, panelei eta aplikazioari esker, eta herritar zein bisitarientzat eskuragarri dago.
Aurkezpen-ekitaldian, agintariek nabarmendu dute proiektu honen helburua turismo jasangarria sustatzea, mugikortasun arduratsua bultzatzea eta Lazkaoko historia eta kultura modu berritzaile eta parte-hartzailean ezagutaraztea dela, eskualdean hezkuntza eta turismo-baliabide paregabe bihurtuz.
“Oso harro gaude ‘Astotxoaren arrastoa jarraituz’ aurkezteaz. Teknologia, kultura eta historia uztartzen dituen ekimena da, gure ondarea herritarrengana eta bisitariengana hurbiltzeko. Gymkana digital honek Lazkao modu dibertigarri eta hezigarrian ezagutzeko aukera ematen du, turismo jasangarria sustatuz eta gure tradizioak balioan jarriz; bereziki Astotxo Eguna, gure nortasunaren ikur nagusietako bat baita”, adierazi du Kepa Zubiarrain Lazkaoko alkateak.
Bestalde, Azahara Domínguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak balioan jarri du turismo-produktu berri hau; izan ere, haren hitzetan, “gipuzkoarrei eta bisitan datozenei Goierriko bihotzean modu atsegin eta ludikoan murgiltzeko aukera ematen die, bertako berezitasunak lehen pertsonan ezagutuz eta betiere ingurunea eta bertan bizilgulenak errespetatuz”. Diputatuak mota honetako ekimenak nabarmendu ditu “aliatu ezin hobeak” direla Gipuzkoako Foru Aldundia azken urteotan garatzen ari den turismoaren desestazionalizazio eta deslokalizazio-estrategian. Halaber, azpimarratu du Gipuzkoako barnealdeko eskaintza turistikoa aberasteak sortzen duen aberastasuna handitzen duela, eta horrek urte osoan zehar eta lurralde osoan enplegu egonkorragoak eta kalitate handiagokoak sortzea ahalbidetzen duela.
Lazkaoko Udalak herritar eta bisitariak gonbidatu ditu esperientzia honetan parte hartzera, udalerriko kultur ondarea eta tradizioak modu dibertigarri eta dinamikoan ezagutzeko.
Garraio publikoa hobetzea eta Donostiarekiko loturak indartzea
Gymkana digitalaren aurkezpenaren harira, eta Azahara Domínguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuarekin izandako bileraren esparruan, Kepa Zubiarrain Lazkaoko alkateak udalerriaren konektibitatea hobetzearen garrantzia azpimarratu du. Topaketa horretan, alkateak Lazkaotik Donostiara doazen zerbitzuetara iristeko aukerak hobetzea eskatu du, bai aste barruan bai asteburuetan, herritarrei eta bisitariei garraio publikoa erabiltzea errazteko helburuarekin.
Zubiarrainek adierazi du hobekuntza horiek funtsezkoak direla mugikortasun jasangarria sustatzeko eta Lazkaok Gipuzkoako hiriburuarekin lotura hobea izan dezan bermatzeko.


