- Kanpainako bonuak herriko plazan jarriko den karpan egongo dira salgai, 17:00etatik 19:00etara.
Lazkaoko Udalak bihar asteazkena, maiatzak 27, “Nik Lazkaon, zuk zergatik ez?” kanpainaren edizio berria jarriko du martxan, herriko merkataritza eta tokiko nekazaritza ekoizleak sustatzeko eta babesteko ekimena.
Bonuen salmenta bihar arratsaldean hasiko da, 17:00etatik 19:00etara, herriko plazan jarriko den karpan. Ondoren, bonuak udaletxean erosi ahal izango dira, bulego ordutegiaren barruan, agortu arte. Guztira, Lazkaoko saltokietan erabiltzeko 2.000 bonu jarriko dira salgai.
Bonu bakoitzak 30 euroko prezioa izango du, baina 40 euroko erosketa egiteko aukera emango du. Horretarako, bonuak 5 euroko zortzi kupoitan banatuta egongo dira; horietatik hiru parte hartzen duten saltoki guztietan erabili ahal izango dira, eta beste bostak elikadurarekin loturarik ez duten establezimenduetan.
Herritar bakoitzak gehienez hiru bonu erosi ahal izango ditu. Horrez gain, beste hiru bonu ere erosi ahal izango dira beste pertsona baten izenean, haren NANa aurkeztuta.
Kanpainaren barruan, tokiko baserritarren produktuak erosteko 200 bonu ere jarriko dira salgai. Bonu horiek bihartik azaroaren 30era bitarte egongo dira eskuragarri, 20 euro balioko dute eta 35 euroko erosketa egiteko aukera emango dute. Parte hartzen duten ekoizleen produktuak erosteko soilik erabili ahal izango dira.
Aurtengo berrikuntzetako bat izango da merkataritza-bonuak astelehenetako azokan ere erabili ahal izango direla, elikagaien eta bestelako produktuen arteko bereizketa mantenduta. Horrela, herritarrek bertako eta gertuko produktuak zuzenean erosi ahal izango dituzte azokako postuetan.
Ekimen honen bidez, Lazkaoko Udalak berriro ere tokiko ekonomiarekin duen konpromisoa erakutsi nahi du, hurbileko merkataritza eta lehen sektorea babestuz, herritarren onurarako.
