- Udalak bereziki eskertu du jaiak behar bezala garatzen lagundu duten elkarte, kolektibo eta boluntarioen inplikazioa, baita garbiketako langileen eta talde teknikoaren lana ere.
- Jaietako egitarauak datorren asteburuan izango du jarraipena, maiatzaren 8tik 10era, Lazkaomendin, jarduera ugariz osatutako programa batekin: https://labur.eus/LazkaoSanPrudentzioJaiak2026.
Lazkaoko Udalak apirilaren 24tik maiatzaren 1era bitartean ospatu diren 2026ko San Prudentzio jaien balantze oso positiboa egin du. Programazioak harrera bikaina izan du, bai herritarren aldetik, bai bisitarien aldetik, eta nabarmentzekoa da parte-hartze zabala, jai giroa eta antolatutako jardueren aniztasuna.
Udalak azpimarratu duenez, “parte-hartze handia izan da, eta bereziki nabarmendu dira giro ona, jardueren aniztasuna eta bertaratutako pertsona guztien portaera eredugarria”. Ildo horretan, nabarmendu dute ez dela inolako erasorik izan, eta horrek “herritarrek jai seguru eta errespetuzkoekin duten konpromisoa” adierazten du.
Jaien hasieran, Lazkaoko Ikastolak txupina bota zuen apirilaren 24an, herri bozketa bidez aukeratuta. Une horretatik aurrera, Lazkaon 80 jarduera baino gehiagoko egitaraua antolatu zen, musika, kultura, kirola eta publiko guztiarentzako jarduerak uztartuz.
Musikari dagokionez, Joselu Anaiak, Bengo, Mirua, Jonkass eta Muxutruk taldeen kontzertuak nabarmendu ziren. Halaber, programak Demode Quartet, Xaibor, Incansables txaranga eta Burrunba elektrotxarangaren emanaldiak barne hartu zituen. Udalak bereziki eskertu nahi izan du Earth Songs, Erdoyk P, Metodo Ripley eta The Soulanders taldeen parte-hartzea, baita Rhythmic Disorder (Liveset/techno) taldearen saioak ere, jaietako programazioari egindako ekarpenagatik.
Tradizioek ere protagonismo handia izan dute, besteak beste, Soka Dantza, herri kirolak, Zezensuzkoa, erraldoi eta buruhandien konpartsa eta esku pilota erakustaldiak.
Kirol arloan, arrakastaz ospatu da Lazkaoko LXXXIII. Txirrindularitza Proba, euskal herri kirolen erakustaldiekin batera. Era berean, Udalak Azki Emakumeen Elkartearen laguntza nabarmendu nahi izan du, bai erakusketa bat antolatzeagatik, bai Soka Dantzarako zapiak egiteko izan duten parte-hartzagatik.
Udalak bereziki eskertu du jaiak behar bezala garatzen lagundu duten elkarte, kolektibo eta boluntarioen inplikazioa, baita garbiketako langileen eta talde teknikoaren lana ere. Herritarren jarrera eredugarria ere aitortu du, eta positibotzat jo du egun horietan antolatutako garraio bereziaren erabilera, mugikortasuna eta bertaratzea erraztu baititu.
Azkenik, Udalak gogorarazi du datorren asteburuan, maiatzaren 8tik 10era, Lazkaomendin, jaietako programazioak jarraipena izango duela, eta herritarrak gonbidatzen ditu antolatutako jardueretan parte hartzen jarraitzera.
Egitaraua: https://labur.eus/LazkaoSanPrudentzioJaiak2026
