- Udalerriko proiektu nagusiak jorratu dira: Lazkaomendiko bidea (2026an hastea aurreikusten da, eta finantzaketa partekatua eskatzea), uholdeak prebenitzeko Enpaundin egin beharreko jarduera, Plan Orokorraren jarraipena eta anbulatorio berriko obren berehalako hasiera.
Lazkaoko Udalak Eider Mendoza Gipuzkoako Ahaldun Nagusiaren bisita jaso du gaur, apirilak 13, eta Kepa Zubiarrain alkatearekin lan bilera izan du.
Jardunaldia 1979an sortutako Ezarri enpresa bisitatuz hasi da. Konpainiak Lazkaon du egoitza, eta nazioarteko erreferente gisa finkatu da beira birziklatuaren mosaikoaren sektorean, berrikuntzagatik, jasangarritasunagatik eta bikaintasunagatik nabarmenduta. Gaur egun, 85 pertsonako plantilla du, eta 130 herrialde baino gehiagotara esportatzen ditu bere produktuak.
Bisitaren ondoren, bilera instituzional bat egin da, Lazkaoko Udalak abian dituen proiektu nagusiak aztertzeko.
Horien artean, Lazkaomendiko bidearen proiektua nabarmentzen da, lehen fasea 2026ko bigarren seihilekorako aurreikusita dagoena. Lazkaomendiko proiektua gauzatzeko diru-laguntza eskaera gauzatu da dagoeneko, finantzaketa bi erakundeen artean modu partekatuan egin dadin.
Era berean, uholde arazoei aurre egiteko Enpaundi eremuko esku-hartzea jorratu da, eta jarduketa hori Aldundiarekin lankidetzan egingo da, dagoeneko egindako lanei jarraipena emanez.
Topaketan, Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren jarraipena ere egin da, udalerriaren etorkizuneko garapenerako funtsezko tresna baita.
Osasun arloan, Eider Mendozak eta Kepa Zubiarainek egungo anbulatorioa bisitatu dute, baita datozen egunetan martxan jarriko diren behin-behineko instalazioak ere. Lazkaoko anbulatorio berriaren lanak apirilean hasiko ditu Eusko Jaurlaritzak.
Kepa Zubiarain alkateak positibotzat jo du topaketa hau, erakundeen arteko lankidetza indartzen duela eta lazkaotarren bizi kalitatea hobetzeko proiektu estrategikoetan aurrera egitea ahalbidetzen duela azpimarratuz: “Erakundeen arteko lankidetza etengabea da, eta funtsezkoa da Lazkaoren garapena bultzatzen jarraitzeko”.
