• Jardueren artean Karraka Festa 2026 izango da, ipuin-kontalari saioekin, ikasleen emanaldiekin, magia ikuskizunarekin eta Buruhandien irteerarekin batera. Halaber, Euskal Pilota Egokituko XVI. Gipuzkoako Txapelketa eta Lazkaoko III. Trikiti Jaialdia egingo dira, eta Arerian haurrentzako “Baba Yaga eta sorginkerien liburua” eta helduentzako “Marty Supreme” filmen proiekzioak eskainiko dira.

Martxoaren lehen astea adin guztietako herritarrei zuzendutako kultur-proposamen anitzenkin iritsi da Lazkaora. Horien artean daude Karraka Festa 2026, Euskal Pilota Egokituko txapelketa, III. Trikiti Jaialdia eta Arerian izango diren zinema saioak.

Programazioa martxoaren 6an, ostirala, hasiko da Karraka Festa 2026 ekitaldiarekin. Jarduera 09:00etatik 20:00etara izango da, Ikastolako patio estalian. Eskola-ordutegian, HH3, HH4, HH5, LH1 eta LH2ko ikasleek ipuin-kontalari saioetan parte hartuko dute. Arratsaldean, 16:00etan, jaiari jarraipena emango zaio Ikastolako kanpoko gune estalian, ikasleen emanaldiekin eta oparien banaketarekin. Ondoren, Hodei magoak “Harritzearen abilezia” ikuskizuna eskainiko du. Ikuskizunak irauten duen bitartean, haurrak beren senideen edo tutoreen ardurapean egongo dira. Eguna Lazkaoko Buruhandien ohiko irteerarekin amaituko da.

Larunbatean, martxoaren 7an, goizeko 10:00etan, Joxemiel Barandiaran udal kiroldegian Euskal Pilota Egokituko XVI. Gipuzkoako Txapelketa jokatuko da.

Egun horretan bertan, 12:00etan, Areriak Lazkaoko III. Trikiti Jaialdia hartuko du. Kontzertuak trikitilari eta artista gonbidatuak bilduko ditu, eta jaialdiaren ondoren Kilometroak 2026ren aldeko bazkaria egingo da.

Zinemari dagokionez, asteburuan Areriak “Baba Yaga eta sorginkerien liburua” haurrentzako filma eskainiko du martxoaren 7an eta 8an, 17:00etan. Helduentzako “Marty Supreme” filma, berriz, martxoaren 7an 19:30ean eta 22:00etan izango da ikusgai; martxoaren 8an igandea 19:30ean; eta martxoaren 9an astelehena 18:30ean eta 21:00etan.

Udaletik herritarrei ekitaldietan parte hartzeko gonbita luzatzen zaie.


 KARRAKA FESTA

 

Gipuzkoako Euskal Pilota Ekokituko XVI. Txapelketa

 

TRIKI JAIALDIA

 

Baba Yaga eta sorginkerien liburua

Marty Supreme