- HAPOren helburua lurzoruaren eta eraikuntzaren erabilerak arautzea da, udalerrian zer, non eta zenbat eraiki daitekeen zehaztuz, besteak beste.
- Saio informatiboa 18:00etan izango da, Lazkaoko Udaleko Osoko Bilkura aretoan. Hitzaldian, HAPOa zer den, udalerriaren hirigintza etorkizunerako duen garrantzia eta onartu arte jarraituko diren prozesuaren faseak azalduko dira.
Lazkaoko Udala urrats garrantzitsua ematen ari da hirigintza planifikatzeko prozesuan, Hiri Antolamenduko Plan Orokor (HAPO) berria idazten hasi baita, funtsezko tresna herria antolatzeko eta bere garapen iraunkorra lortzeko. Plan honek 2008tik indarrean dauden Udal Plangintzako Arau Subsidiarioak ordezkatuko ditu.
HAPO berri baten beharra udalerriko baldintza sozial, ekonomiko, natural eta kulturalen bilakaeratik sortzen da, bai eta gizarteak errealitate berrietara egokituko den hirigintza-antolamendua eskatzen duelako ere. HAPOren helburua lurzoruaren eta eraikuntzaren erabilerak arautzea da, udalerrian zer, non eta zenbat eraiki daitekeen zehaztuz.
HAPO egiteko prozesua luzea da eta hainbat fasek osatzen dute. Hona hemen fase horiek:
- O fasea: Plan Orokor Berria idazteko eta Herritarren Partaidetzarako Programa onartzeko prozesuaren hasiera.
- 1. fasea: Egungo egoerari buruzko informazioa eta diagnostikoa.
- 2. fasea: Plan Orokorraren aurrerapena.
- 3. fasea: Aurrerapena jendaurrean jartzea eta aurkeztutako iradokizunen txostena.
- 4. fasea: HAPOren hasierako onarpena.
- 5. fasea: jendaurrean jartzea eta aurkeztutako alegazioen txostena.
- 6. fasea: HAPOren behin-behineko onarpena.
- 7. fasea: HAPOren behin-betiko onarpena.
Herritarren Partaidetza Programa onartutaeta egungo egoerari buruzko informazio eta diagnostiko dokumentua idatzi ondoren, orain, prozesuaren 1. fasean sartuko da Plana.
Plangintza prozesu garrantzitsu honetan herritarrak inplikatzeko asmoz, Lazkaoko Udalak HAPOari buruzko lehen hitzaldi informatiboa antolatu du. Datorren asteartean, urriaren 14an, egingo da, 18:00etan, Lazkaoko Udaleko Osoko Bilkuren Aretoan. Hitzaldian, HAPOa zer den, udalerriaren hirigintza etorkizunerako duen garrantzia eta behin betiko onartu arte jarraituko diren prozesuaren faseak azalduko dira.
Gainera, auzotarren lehen iritziak eta iradokizunak jasotzeko guneak irekiko dira, eta harremanetarako lerro irekiak ezarriko dira, herritarrek prozesuan zehar Udalarekin etengabe komunikatzeko aukera izan dezaten. Sortutako dokumentazioa Lazkaoko Udalaren web atarian argitaratu eta eguneratuko da, interesdun guztiek HAPOaren aurrerapena gertutik jarraitu ahal izan dezaten.
Zer da HAPO bat?
HAPOa (Hiri Antolamenduko Plan Orokorra) udalerriaren antolamendu integralerako tresna nagusia da. Plan horrek lurzoruaren eta eraikinen erabilerak arautzen ditu, eta eskubideak eta betebeharrak ezartzen ditu eragile publiko eta pribatu guztientzat. Bere eginkizunen artean, honako hauek nabarmentzen dira: lurzorua herri-lurzoru, lurzoru urbanizagarri eta lurzoru urbanizaezin gisa sailkatzea, eta baimendutako erabilerak zehaztea (bizitegiak, jarduera ekonomikoak, zuzkidura-eremuak, etab.), bai eta eremu bakoitzaren eraikigarritasuna zehaztea ere.
HAPOak, udalerriaren egitura fisikoan eragiteaz gain, eragin zuzena du udalerriaren gizarte-, ekonomia- eta ingurumen-garapenean. Funtsezko tresna da Lazkaoren hazkunde ordenatu, orekatu eta jasangarria bermatzeko datozen 8-12 urteetan.
Kepa Zubiarrainek, Lazkaoko alkateak, HAPO berria idazteko prozesuan aktiboki parte hartzera gonbidatu ditu lazkaotarrak. “Lazkaoko HAPOa izango da udalerriko hirigintza antolamendurako oinarria, epe labur, ertain eta luzera herri espazioa nola garatuko den ezarriz. Herritarren parte-hartzea sustatu nahi dugu eta kontsentsu zabal bat lortzea da helburua, Lazkaoko beharretara egokitutako etorkizuna bermatu nahi dugularik”.