• 203 boto jaso dira, horietatik 174 baliodunak, eta herritarren iritziz lehentasunezko proiektuak izango dira zuhaitz eta landareen landaketa gune berdeetan, itzalguneak jartzea igerileku kanpokoan eta Hirigoien auzoko haur parkeko zorua berritzea.

Lazkaoko Udalak amaitu du 2026ko Aurrekontu Parte-hartzaileen bozketaren fasea. Prozesu honek tresna bat gehiago izan nahi du herritarren partaidetza sustatzeko, baliabide publikoen erabilerari buruzko erabakietan parte har dezaten. Prozesu honi esker, lazkaotarrek udal aurrekontuko 100.000 euro nola inbertituko diren  erabaki ahal izan dute, herriari eta herritarrei zuzenean onura ekarriko dieten proiektuetan.

Prozesu parte-hartzaile eta gardena

Prozesua herritarren proposamenen bilketarekin hasi zen, eta guztira 137 ideia jaso ziren. Azterketa tekniko baten ondoren, 9 proposamen bideragarri hautatu ziren bozketara pasatzeko.

Bozketaren fasea

Bozketa 2025eko irailaren 30era arte egon zen irekita eta guztira 203 boto jaso ziren; horietatik 91 emakumeek eman zituzten eta 83 gizonek, eta 29 boto baliogabetu ziren behar bezala beteta ez zeudelako, esaterako NANa ez sartzea, erroldatuta ez egotea edo lehentasunak argi ez adieraztea.

Lazkaoko herritarrek proposamen ugari izan zituzten aukeran, espazio publikoen hobekuntza, jasangarritasuna, aisialdia eta mugikortasuna bezalako arloetan. Bozketaren emaitzek nabarmen erakutsi dute herritarren konpromisoa Lazkao hobetzeko bidean.

2026an gauzatuko diren proposamen hautatuak

Bozketan boto gehien jaso dituzten hiru proiektuak hauek izan dira:

  1. Landare eta zuhaitzen landaketa gune berdeetan

  2. Itzalgune gehiago jartzea igerileku irekian

  3. Herri amaierako Hirigoien auzoko haur parkean zorua berritzea

Gainerako proposamenak, boto kopuruaren arabera ordenatuta:

  1. Joxemiel Barandiaran Udal Kiroldegian kirol-makina gehiago jartzea

  2. Banku gehiago jartzea plazan

  3. Hirigunean hartu diren bide-segurtasun neurriak auzoetara zabaltzea (semaforoak, altxatzeak...)

  4. Auto elektrikoentzako karga-puntuak

  5. Iturri bat jartzea San Prudentzio auzoan

  6. Bizikletentzako aparkalekuen estalkia

Udalak eskerrak eman nahi dizkie proposamenak eta botoak eman dituzten herritar guztiei. Prozesu honek agerian utzi du lazkaotarren konpromiso sendoa gure herriaren hobekuntzarekin.

Orain, azken urrats gisa, Udalak herritarren boto gehien jaso dituzten proposamenak gauzatuko ditu, lazkaotarren iritzia kontuan hartuz Lazkao bizitzeko leku hobea izan dadin.


 AURREKONTU PARTEHARTZAILEAK