• Aurtengo ikasturteak zoru pelbikoa indartzeko ikastaro bat, irakurle eskola feminista bat, jatorri ezberdinetako emakumeen topagune bat eta sendabelarrak eta udazkeneko fruituak ezagutzeko tailer bat barne hartuko ditu.

  • Interesa dutenek urriaren 2tik 10era eman beharko dute izena Udaletxean bertan edo udalaren webgunean.

Emakumeen berdintasuna, ahalduntzea eta seguruak zein aberasgarriak diren topaguneak sustatzen jarraitzeko helburuarekin, Lazkaoko Udalak Jabekuntza Eskola Feministaren 2025-2026 edizio berria aurkezten du. Ekimen honen bidez, hausnarketa feminista, norberaren zaintza, zaintza partekatua eta emakumeen arteko loturak indartzea bilatzen da, interes eta behar ezberdinetara egokituz.

Aurtengo ikastaroak udazken-neguan zehar garatuko dira, eta guztiz doakoak izango dira. Izena emateko epea urriaren 2tik 10era bitartean egongo da zabalik, eta interesdunek udaletxean bertan www.lazkao.eus webgunean egin beharko dute.

Hona hemen aurtengo eskaintza:

  • Zoru pelbikoa indartzeko ikastaroa: Emakumeen osasuna eta bizi-kalitatea hobetzeko helburua duen ikastaroa, Saioa Baena fisioterapeutak (Abian zentroa) emango duena. Saioak urtarrilaren 7an hasiko dira, eta asteazkenero, 10 saiotan zehar egingo dira, 10:45etik 12:15era. Euskaraz eskainiko da eta gehienez 12 plaza izango ditu.

  • Irakurle Eskola Feminista: Hausnarketa feministarako eta sinesmenak zalantzan jartzeko gune irekia. Iratxe Retolazak dinamizatuko du, eta hilean behin egingo da, urriaren 6tik aurrera, 18:00etatik 20:00etara. Jarduera euskaraz izango da.

  • Munduko Emakumeen Topagunea: Jatorri ezberdinetako emakumeentzako babesa, zaintza eta ahalduntzea sustatzeko gunea. Aitziber Eguskitza izango da dinamizatzailea, eta saioak egingo dira azaroaren 5ean, abenduaren 3an, urtarrilaren 7an eta otsailaren 5ean, 10:30etik 12:30era. Hizkuntza parte-hartzaileen arabera egokituko da. Gutxienez 6 eta gehienez 15 emakumek osatuko dute taldea.

  • Sendabelarrak, Udazken Xuxurlak: Udako opariak jasotzen: Udazkeneko landare eta fruituak ezagutzeko, jasotzeko eta haiekin nola lan egin ikasteko tailer praktikoa. Ainitze Salak emango du, urriaren 15ean, 17:00etatik 20:00etara, euskaraz. Gutxienez 5 eta gehienez 20 plaza eskainiko dira.

Azken batean, Lazkaoko Jabekuntza Eskola Feminista emakumeen arteko sare soziala indartzeko, ongizatea sustatzeko eta gizarte bidezkoago eta berdintsuago bat eraikitzen laguntzeko tresna eraginkorra da.


 LAZKAO JABEKUNTZA ESKOLA 2025 2026