• Bihar, asteazkena, emango zaio hasiera egitarauari, “Luis Lizarraga...” liburuaren aurkezpenarekin. Ostiralean, SUTHAI batukadak herriko kaleak girotuko ditu; larunbatean, eskola duatloiak, txarangen topaketak eta sagardo zein talo dastatzeak beteko dute eguna; igandean, Baserri Egunaren eta Mariachi Imperial taldearen kontzertuaren txanda izango da; eta asteburu osoan zehar, Maspalomas filmaz gozatu ahal izango da Areria zine aretoan.

Datozen egunetan lazkaotarrek zein bisitariek Lazkaoko kultur agendaz  gozatu ahal izango dute. Programazioa irailaren 24an, asteazkena, hasiko da Gerriko Kultur Elkarteak antolatutako “Luis Lizarraga...” liburuaren aurkezpenarekin; ekitaldia arratsaldeko 18:30etan izango da Jauregian, bertako literatura eta ondarea ezagutzeko aukera paregabea eskainiz. Ostiralean, hilak 26, SUTHAI taldearen batukada nagusituko da, 19:00etan hasita, herria soinu eta erritmoz beteaz giroa alaituz. 

Larunbata, hilak 27, egun bereziki bizia izango da. Goizeko 11:00etatik aurrera eskolaumeen eta gaztetxoentzako duatloien txanda izango da. Eguerdiko 12:00etan eta arratsaldeko 19:00etan Txarangen Bilkura ospatuko da; Colònia Güell, Jundajo eta Burrunbazale txarangek herriko kaleetan zehar ibiliko dira musika eta giroa zabaltzen, eta ordu berean, 19:00etan, Lazkaoko talogileek prestatutako taloak eta sagardoa dastatzeko aukera izango da.

Igandean, hilak 28, landa-munduari eskainiko zaio arretarik handiena, izan ere, XIII. Baserri Eguna ospatuko da 11:00etatik aurrera plazan. Bertan, baserriko produktuen azoka, artisautza postuak eta animalien erakusketa egongo dira, guztiak musikaz eta animazioz lagunduta. Bestalde, goizean zehar, Josetxo Imaz lasterketa igaroko da herritik. Arratsaldean, 18:30etan, Mariachi Imperial Elegancia Mexicana taldearen kontzertuaz gozatu ahal izango da; eguraldiak laguntzen badu Orobionen izango da, eta bestela, herriko frontoian.

Astelehenean, hilak 29, San Migel eguna ospatuko da, tradizioz betetako adin guztientzako egitarauarekin. 10:30etan pilota txapelketa izango da, eta 12:00etan meza nagusia.Haurrentzat eta gazteentzat parkea zabalik egongo da bi txandatan: 11:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Eguerdian, 14:00etan, jubilatuentzako bazkaria egingo da, eta 19:00etan Sukar taldearen erromeria izango da. Ondoren, 20:30ean, afari herrikoia egingo da plazan, eta afalostean, 22:30ean, Sukar taldearen bigarren erromeriak borobilduko du eguna. 

Gainera, irailaren 26tik 30era, ostiraletik asteartera, Maspalomas filma proiektatuko da Areria Aretoan, Moriartik zuzendua eta Donostiako Zinemaldian aurkeztua. Saioak honela izango dira: ostiralean 21:00etan; larunbatean 19:30etan eta 22:00etan; igandean 19:30etan; astelehenean 19:30etan; eta asteartean 19:00etan eta 21:00etan, Ikuslearen Egunarekin bat eginez.

Ekitaldi hauei buruzko informazio zehatzagoa eta eguneratzeak udal webgunean aurki daitezke: www.lazkao.eus


 asteko kultura agenda