• Udarako abonatuen kopurua 95 pertsonatan igo da, 579 arte, aurreko urtearekin alderatuta, eta guztira 2.200 erabiltzaile baino gehiagok erabili dituzte aire zabaleko igerilekuak, ekainaren amaiera eta uztailaren hasiera izanik erabiltzaile kopuru handiena izan zuten egunak.
  • Denboraldiko berrikuntza nagusia haurrentzako ipuin kontaketa saioak izan dira igerilekuetan, eta jarduerek harrera oso ona izan dute, bereziki familien artean.

Amaitu da uda eta, harekin batera, Lazkaoko aire zabaleko igerilekuetako denboraldia. Orokorrean, balorazioa positiboa izan da: partaidetza handia izan da, giro lasaia nagusitu da eta haur eta familientzako jarduera bereziak ere antolatu dira.

Aurtengo udan, 579 lagunek eman dute izena bereziki udako igerilekuetarako, aurreko urtean baino 95 pertsona gehiago. Horrez gain, bazkide diren beste 1.669 herritarrek ere erabili ahal izan dituzte kanpoko igerilekuak, beren abonamendu motaren bidez. Honek erakusten du zerbitzuak interesa eta erabilera handia duela herritarren artean.

Ekaina eta uztaila hasieran izandako bero handiek eragin zuzena izan zuten erabileran, eta egun horietan igerilekuetako jarduera nabarmen handitu zen. Hala ere, modu egokian erantzun zitzaion erabiltzaile guztien gozamena bermatuz.

Aurtengo denboraldian, berrikuntza gisa, bi ipuin kontaketa saio eskaini dira igerilekuetan, haurrei zuzenduta. Lehena uztailaren 8an egin zen, eta bigarrena irailaren 3an, uda agurtzeko. Bi jarduerek harrera oso ona izan dute, bereziki familien artean.

Uda erdialdetik aurrera, tenperaturak baretu ziren eta horrek eragin zuen erabilera lasaiagoa izatea uztailean amaieran eta abuztuan. Denboraldiaren hasieran izan zen erabilera handiena eta une jakin batzuetan arazo txiki batzuk agertu baziren ere, oro har normaltasunez garatu da denboraldia.

Lazkaoko Udalak eskerrak eman nahi dizkie erabiltzaile guztiei, bai partaidetzagatik, bai izan duten jokabide arduratsuagatik. 


 Uda balantzea