• Lizitazioak espazio publikoaren irisgarritasuna, erosotasuna eta funtzionaltasuna hobetzea du helburu, urte osoan erabilgarri egon dadin eta erabiltzaileak eguraldi txarretatik babesteko.
  • Proposamen hau 2025eko Aurrekontu Partehartzaileen prozesuan bozkatuenetako bat izan zen.

Lazkaoko Udalak Areso kaleko haur parkea estaltzeko lizitazio prozesua martxan jarri du. Jarduera honen helburu nagusia herriko familiek eta haurrek hainbeste erabiltzen duten espazio publiko honen funtzionaltasuna eta erosotasuna hobetzea da.

Proiektuak estalki arin bat jartzea aurreikusten du Agauntza ibaiaren ondoan dagoen Areso parkeko jolasgunearen gainean, herritarrak sarri egoten diren ingurunean. Aukeratutako irtenbideak metalezko egitura bat eta parkearen erliebera egokitzen den ehunezko olana tenkatu bat konbinatzen ditu, argia igarotzea ahalbidetuz eta paisaiarekin bat eginez. Olatu-formako estalkiak euri eta eguzkitik babestuko du, eta pantaila garden batekin osatuko da, haizearen eragina murrizteko.

Ikuspegi tekniko batetik, jarduketak honako lan hauek barne hartzen ditu: zimendatze-lanak, egitura metalikoa muntatzea, ehunezko estalkia instalatzea, zoladurak berritzea, jolasguneko segurtasun-lurzorua berritzea eta euri-uren bilketa hobetzea. Arreta berezia jarriko da irisgarritasunean, segurtasunean eta paisaia-integrazioan, indarrean dagoen hirigintza-, ingurumen- eta eraikuntza-araudi guztia betez, Eraikuntzaren Kode Teknikoa (EKT) eta irisgarritasunaren arloko araudi autonomikoa barne hartuz.

Lizitazioaren aurrekontua guztira 368.120,72 eurokoa da (gehi BEZa).Eskaintzak aurkezteko azken eguna 2025eko urriaren 1a da. Interesa duten enpresek dokumentazio guztia kontsultatu eta proposamenak aurkez ditzakete Euskadiko Kontratazio Publikoaren Plataformaren bidez. 

Esku hartze honekin, Lazkaoko Udalak hiri ingurunearen eta herritarren bizi kalitatearen hobekuntzarekin duen konpromisoa berresten du, espazio publiko irisgarri, inklusibo eta funtzionalagoen alde eginez, urte osoan gozatzeko pentsatuak, baldintza meteorologikoak edozein direla ere.


 Aresoko haur parkea 1

 

Aresoko haur parkea 2