• Berriro hautatutako alkateak Lazkaoko aurrerabidea eta hobekuntza bultzatzen jarraitzeko borondatea azpimarratu zuen, hurbiltasunez, elkar hartuta, udalerriko auzotarrekin eta eragile politiko eta sozialekin lan eginez.

Larunbat honetan, ekainaren 17an, egin den Osoko Bilkuran, Kepa Zubiarrain Lazkaoko egungo alkatea hautatu dute berriro, EAJ-PNVko 7 zinegotzien aldeko botoekin.

Bozketan, EAJ-PNVko ordezkariek aho batez babestu dute Kepa Zubiarrainen hautagaitza alkate karguan jarraitzeko. Zinegotziek bere “ibilbidea eta komunitatearekiko konpromisoa eta udalerrirako kudeaketa-gaitasuna eta etorkizuneko ikuspegia” baloratu dituzte.

Bestalde, EH Bilduko 6 zinegotziek Joxemari Ormazabal EH Bilduko alkategaiaren alde bozkatu dute.


Bozketaren emaitzen berri izan duenean, Kepa Zubiarrainek eskerrak eman eta ilusioz hartu du Lazkaoko Udaletxearen buru izaten jarraitzeko aukera. Eskerrak eman dizkie babesa eman dioten zinegotzi guztiei, eta talde politiko guztiekin elkarlanean jarraitzeko konpromisoa nabarmendu du, “komunitatearen eta lazkaotar guztien onurarako”.

Alkate berrautatuak “Lazkaoko aurrerabidea eta hobekuntza bultzatzen jarraitzeko borondatea” azpimarratu ditu, herriko bizilagunekin elkarlanean. Halaber, adierazi du prest dagoela “eragile politiko eta sozialekin lankidetza eraikitzaile eta irekia izateko, etorkizunean sor daitezkeen erronkei eta aukerei aurre egiteko”.