• Kiroldegia handitzeko eta birmoldatzeko bosgarren fase honetan barne igerileku berri bat eraikitzea, egungoa berritzea, sauna eguneratzea eta aldagela berriak egitea aurreikusten da.
  • Obraz arduratzen den enpresa Iparragirre Eraikuntza Lanak S.L. da, 4.035.274 euro + BEZeko aurrekontuarekin. Aurreikuspenen arabera, lanek 20 hilabete inguruko iraupena izango dute.

Joxemiel Barandiaran udal kiroldegia berritzen ari da Udala: 6 kaleko igerileku berria eraikitzen, egungo igerilekua eta sauna berritzen eta aldagelak eta komunak egokitzen. Aurreko faseetan, kanpoko igerilekuak, gimnasioak eta ikastaro- eta irisgarritasun-espazioak egokitzeko obrak egin ziren. Lanak 2022ko ekainean hasi ziren, eta 2024ko lehen hiruhilekoan amaituta egotea aurreikusten da.

Lehen bederatzi hilabeteak igaro ondoren, aurreikusitako hiru azpifaseetako lehena burututa, udal ordezkari eta teknikariek, Kepa Zubiarrain alkatearekin batera, obra bisitatu dute.

Kiroldegia handitzeko, eraikin berri bat egiten ari dira egungo tenis-pistan. Eraikin berri honek erdisotoko solairua izango du hainbat instalaziotarako, eta lehenengo solairuan igerileku klimatizatu berria, 25 x 12,5 metrokoa, sei kalekoa eta harmailekin.

Une honetan, obrak 1. azpifasea amaitua du, lehen solairuko aldagelak eta komunak egokitzeari buruzkoa, eta 2. azpifasean obra-prozesuan dago, igerileku berria eraikitzeari dagokiona:

  • azpifasea: Kiroldegiko lehen solairuan dauden lau aldageletatik eta komun berrietatik hiru egokitzea, eraikitzen ari diren igerileku berriaren eta 3. azpifasean birmoldatuko den egungo igerilekuaren erabiltzaileei zerbitzua emateko. Lanak amaituta daude, eta azken garbiketa eta erremateak egiten ari dira. Laster amaituko dira aldagela berrien eta egungo igerilekuaren artean behin-behineko konexioa sortzeko lanak, igerileku berria eraiki arte aldagelak erabiltzen jarraitu ahal izateko. Konexio hori egin eta aldagela berriak martxan jarri ondoren, laugarren aldagela egiten hasiko gara, eta, amaitzeko, igerilekuko aldagela guztiak egingo ditugu.
  • azpifasea: tenis-kantxa zegoen lekuan 6 kaleko igerileku berria eraikitzea. Lur-mugimenduaren zati handi bat egin da eta zimenduak jartzen ari dira. Gainera, igerileku berriko harmailen eta komunikazio gunearen artean pasabidea egiteko obrak martxan daude.
  • azpifasea: egungo igerilekua eta sauna-gune berria egokitzea. Fase hau oraindik ez da hasi. Lehenik eta behin, igerileku berria jarriko da martxan lan horiekin hasi aurretik, erabiltzaileei zerbitzua bermatzeko.

Era berean, kaltetutako espazioen instalazioa eta makineria berrituko dira, osasun baldintzak eta eraginkortasun energetikoa hobetuz, Lazkao iraunkorrago baterantz urratsak emanez. Etorkizunari begira, hurrengo fasean, igerileku berriaren gainean bi solairu berri eraiki ahal izango dira.

Kepa Zubiarrain alkateak azpimarratu du legealdiko proiektu estrategiko "garrantzitsuenetako" baten aurrean gaudela: "Gure lehentasuna, hasieratik, herritarren ongizatea eta bizi-kalitatea bermatzea izan da, aukerak sortuz eta zerbitzu eta azpiegitura egokiak eskainiz. Horri erantzuten ari gara berriro. Kiroldegi berriak udalerriko kirol zerbitzuak nabarmen hobetuko ditu. Zaharkituta eta txiki geratu diren igerilekua eta aldagelak berritu eta handituko ditugu, kalitatezko azpiegiturak sortuz eta lazkaotarren eskaerari erantzunez. Gaur egun, kiroldegiak 2.613 bazkide ditu, eta horietatik 2.559 igerilekuaren erabilerari lotuta daude. Igeriketa ikastaroen eskariari bi igerilekuekin hobe erantzuteko aukera ere emango digu. Azken batean, guztion artean Lazkao hobea eraikitzen ari gara, hemen bizitzeko kalitatezko aukerak eskainiz eta, kasu honetan, herrian kirolaz eta aisialdiaz gozatzeko".

Iparragirre Eraikuntza Lanak SL enpresa ari da obra egiten, 4.035.274 euro + BEZeko aurrekontuarekin. Aurreikuspenen arabera, lanek 20 hilabete inguruko iraupena izango dute, hau da, 2024ko lehen hiruhilekoan amaituko dira.

 

5. fasean espazio hauek sortu eta birmoldatuko dira:

Igerileku berria

Igerileku estali berria, 25 m x 12,5 metrokoa, sei kalekoa, tenis-pistak hartzen duen eremuan, sotoa instalazioetarako eta harmailak jendearentzat.

Egungo igerilekua

Egungo igerileku estalia txikiagoa izango da (13 x 8,5 m), eta sauna gunea eta igerilekuarekin lotutako beste zerbitzu batzuk eskaintzeko lekua izango ditu.

Aldagelak

4 aldagela eta komunak lehenengo solairuan, eta gaur egun horiek kokatuta dauden eremua beste zerbitzu batzuetarako baliatuko da.

 

Aurreko lau faseak

Joxemiel Barandiaran Udal Kiroldegia 1983an eraiki zen, duela ia 40 urte. Ordutik, asko izan dira egin diren erreformak eta egokitzapenak. Aurreko faseetan, estali gabeko igerilekuak eta komunikazio-dorrea eraiki ziren, eta bigarren solairu bat eraiki zen egungo igerilekuaren gainean. Bertan, gimnasioa, erabilera anitzeko gelak eta aldagelak jarri ziren.