• Eskatzaileek, gutxienez, eskolen %85era joan beharko dute diru-laguntza eskatu ahal izateko.
  • Diru-laguntza eskatzailearen urteko diru-sarreren arabera emango da: diru-sarrera horiek ezingo dira 26.600 eurotik gorakoak izan. 
  • Ikastaroak hasi ostean eskatu ahal izango dira diru-laguntzak.

Euskararen ikaskuntza sustatzeko helburuarekin, Lazkaoko Udalak diruz lagunduko ditu aurten ere euskara ikastera animatzen diren herritarrak.

Urteko diru-sarreren araberako laguntza

Lazkaoko Udalak eskatzailearen urteko diru-sarrera izango du kontuan diru-laguntza ematerako orduan. Urteko diru-sarrera ezingo da 26.600 euro baino gehiagokoa izan. Nolanahi ere, lanean diharduten eskatzaileek gehienez 800 euroko laguntza jasoko dute; eta langabezian edo urteko diru-sarreren baremo baxuenean daudenek, gehienez 2.000 euroko laguntza jasoko dute.

Diru-laguntzak ematerako orduan, Udalak kontuan izango duen urteko diru-sarreren baremoa:

  • 0 a 13.000 euro - 100%
  • 13.301 a 18.620 euro – 75%
  • 18.621 a 21.280 euro – 60%
  • 21.281 a 23.940 euro – 45%
  • 23.941 a 26.600 euro – 30%

Onuradunen betebeharrak

Diru-laguntzaren eskatzaileek hainbat baldintza dituzte onuradun izan ahal izateko. Hemen, guztiak:

  • Kurtso hasten den momentuan, Lazkaon, gutxienez, urtebetez egotea erroldatuta.
  • 16 urte beteta izatea.
  • Lazkaoko Udalarekin zorrik ez izatea.
  • Beste erakundeetatik diru-laguntzarik ez jasotzea.
  • Ikastaroa homologatutako euskaltegi batean egitea.
  • Eskoletara, gutxienez, %85eko asistentzia izatea.
  • Ikastaroaren aprobetxamendu ona izatea, banakakoen ebaluazioa eta ezarritako helburuak oinarri hartuta.
  • Zerga-betebeharrekin eta Gizarte Segurantzarekin egunean izatea. Baita Udal Ogasunarekin ere.
  • Udalaren edo beste Administrazio publiko baten desgaitasunik ez izatea diru-laguntza berriak eskatu ahal izateko.
  • Ez egotea laguntzak jasotzeko desgaikuntza-espedienterik ebazteko izapidean.
  • Ez egotea Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan adierazitako edozein egoeratan.

Izena emateko epeak eta aurkezteko lekua

Diru-laguntza eskatu nahi dutenek ikastaroa hasi ondoren egin dezakete eskaera. Eskabideak, behar bezala beteta, eta oinarrietan zehaztutako dokumentazioarekin batera, Udaleko Erregistro Orokorrean entregatu behar dira, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen artikuluan adierazitako moduetako batean.

Gogoan izan ere, Udalak, Maizpide Euskaltegia eta San Benito ikastolarekin elkarlanean, ikastolako haurren gurasoei eta merkatari eta ostalariei zuzendutako euskara ikastaro bereziak dituela abian. 

Informazio guztia, www.lazkao.eus -en. 

 

Euskara eskola