1990eko maiatzaren 17tik, OME-k homosexualitatea gaixotasunen zerrendatik kendu zuela ospatzen da. Horregatik, LGTBI kolektiboetako pertsonentzat balio esanguratsua du, eskubideen aldeko eta diskriminazioaren aurkako jardueren ardatz katalizatzaile gisa, gaur egun oraindik ere aurre egin behar baitio araudiarekin bat ez datorren pertsona orok.

Pandemiaren eraginez azken bi urteak benetan latzak izan dira herritar guztientzat, are gehiago LGTBI kolektiboarentzat, gehien kolpatu dutenetako bat izan baita. Izan ere, desberdintasunaren arrakala areagotu egin da eta kalteberatasun-egoerak eremu askotan indartu dira, sare sozialetan esate baterako. Aurten ere, Eusko Jaurlaritzak, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren eta Berdinduren bitartez, sexu- eta genero-aniztasunarekiko gorrotoak eragindako erasoak salatzeko ahotsa altxatzen du, LGTBI kolektiboaren aurkako aurreiritzi ugari munduko eskualde askotan indarrean jarraitzen du eta.

Beharrezkoa da gure gizartean oraindik indarrean dauden diskriminazioen aurkako borroka sendotzen jarraitzea, askotan ikusezin bihurtzen diren genero-identitate, -orientazio eta -adierazpen guztiak errespetatuak izan daitezen. Gizarte osoaren erantzukizuna da diskriminazio eta indarkeria mota guztien aurka borrokatzen jarraitzea.

Herritar guztion zeregina da ahaleginak batzea gizarte inklusibo eta anitza lortzeko, aniztasuna aztertzen ari garen esparrutik ulertuta, baina baita zentsu zabal batean ere. Berdinduk ahaleginak batuko ditu gizarte-eragile guztiekin, gizarte bidezkoagoa, errespetuzkoagoa eta integratzaileagoa eraikitzeko. Berdintasunerako eskubidearen eta sexu- eta genero-orientazioagatiko diskriminaziorik ezaren alde lan egiten jarraituko dugu, aniztasunaren bizipen askea sustatzeko helburuarekin.

Berdindu Zerbitzuan, gaur zein urteko beste 364 egunetan, LGTBI pertsonen eta haien ingurukoen ondoan jarraituko dugu, LGTBIfobiaren aurka borrokatzen.

Lazkao LGTBI