• Datorren martxoaren 23an eta 30ean izango dira,17:00etan eta 17:30ean, Lazkaoko Kultur Etxeko erakusketa gelan.
  • Hitzaldirako izen ematea www.lazkao.eus webgunean egin beharko da; sarrera doakoa da.

TREBA Gurasoak ekimenak antolatutako lehen hitzaldiak izan zuen arrakastaren ondoren, ‘Haurrak, nerabeak eta internet: ohiturak, arriskuak eta erabilera seguroa’, zeinak 25 guraso batu zituen, martxorako beste bi hitzaldi antolatu dira. Kasu honetan hilaren 23rako aurreikusitakoa ‘Arauak eta mugak familian: nola ezarri era asertibo batean’ hitzaldia da, eta 30ekoa ‘Emozioen garrantzia familian. Nola zaindu seme-alaben emozioak’ da.

Bi hitzaldiak Lazkaoko Kultur Etxeko erakusketa gelan dira; lehena 17:00etan eta bigarrena 17:30ean. Euskara hutsean izango dira, eta bi saioetarako sarrera doakoa izango da (www.lazkao.eus webgunean eskuratu daitezke). Aurreko hitzaldian izandako partehartzaileen balorazioa positiboa izan zen, jorratutako gaiak oso interesgarri bezala jo eta gero. Horri eutsiz, TREBA Gurasoak erantzun berbera izatea espero du datozen hitzaldiek.

‘Arauak eta mugak familian: nola ezarri era asertibo batean’ hitzaldiko trebatzailea Leyre Cano psikopedagogoa izango da. Hitzaldi honetan familia-hezkuntzaren eredu ezberdinen ezagupena eta familia-hezkuntzaren eredu ezberdinak erabiltzearen ondorioak landuko dira, besteak beste. Sarrerak www.lazkao.eus webgunean eskuratu daitezke. Lortu nahi diren helburuak dira familia-giro ona izateko modua lantzea, familian arauak eta mugak izatearen beharra jakitea, familiako arauak era asertiboan jartzearen onurak ikustea eta familian arauak era asertiboan jartzeko tresnak ezagutzea, besteak beste.

‘Emozioen garrantzia familian: nola zaindu seme-alaben emozioak’ hitzaldiko trebatzailea, aldiz, Donna Apellaniz terapeuta sistemiko-emozionala izango da. Kasu honetan seme-alaben emozioek egunerokoan duten garrantzia azpimarratu, eta horiek kudeatzeko eta zaintzeko lehen urratsak azalduko dira. Landuko diren funtzioetako batzuk emozioen funtzioak, kudeaketa emozionala, haurren emozioak eta bidelaguntza emozionala izango dira, besteak beste.

IMG 20220112 170259