Ordizia, Beasain eta Lazkaoko Udalek bat egin dute beste urtebetez ‘Errenta aitorpena euskaraz, Ogasunarekin euskaraz!’. Ordizian egin den prentsaurrekoan izan dira kanpainaren inguruko xehetasunak ematen Maitane Alvarez, Ordiziako Udaleko alkateordea eta euskara zinegotzia; Leire Artola, Beasaingo alkatea, eta Amagoia Naldaiz, Lazkaoko euskara zinegotzia.
“2010az geroztik egiten den kanpaina da eta azken urteotan bezala, kanpainaren helburua da euskaraz egiten diren errenta aitorpen kopurua handitzea eta horretarako herritarrei jarraibideak eskaintzea”, azaldu du Alvarezek.
Gipuzkoako Foru Ogasunak, bestalde, iaz lau urteko egitasmoa abiarazi zuen. Egitasmo honen helburua da 2023ari begira 100.000 herritarrek euskara aukeratzea Aldundiko Ogasuna eta Finantza Departamenduarekin harremanak izateko (2020an Gipuzkoan 80.519 herritarrek egina zeukaten euskararen aldeko hautu hori).
“Edozein unetan aukera dezakezu euskara Ogasunarekin harremanak izateko eta errenta aitorpena aurkeztean ere bai”, gaineratu du alkateordeak.
Artolak, gaur egun errenta aitorpena aurkezteko dauden hiru bideak azaldu ditu, “guztietan erabili daiteke euskara”.
- Lehenengo aukera autolikidazio proposamena da. “Jasotako proposamena onartzerakoan, euskaraz egin nahi duzula esan eta aurrerantzean Ogasunak agiriak euskaraz bidaliko dizkizu”, zehaztu du.
- Bigarrena mekanizatua da: “hitzordua hartzerakoan, Ogasunarekin harremanak euskaraz izan nahi dituzula adieraztea besterik ez da. Hau da, Ogasunarekin bulegoko aurrez aurreko harremanak, nahiz telefono edo Internet bidezkoak euskaraz izan ditzakezu, horrela eskatzen baduzu; eta Ogasunak sinatzeko ematen dizun orria ere euskaraz jaso dezakezu”.
- Hirugarren bidea Internetez da, Zergabidea atariaren bitartez:
Errenta programaren euskarazko bertsioa jaitsi Internetetik eta hobetsitako hizkuntza atalean euskara aukeratu. Bestalde, aholkularitza edo finantza erakunde batean egiten baduzu, euskaraz egiteko eska dezakezula ere nabarmendu du Artolak.
Datuak, gorantz
Aipagarria da azken 10 urteotan, 2010etik 2020ra, Ordizian, Beasainen eta Lazkaon euskaraz egin diren errenta aitorpenen ehunekoa handituz joan dela. Ordizian %8,29tik %21,15era igo da, Beasainen %8,37tik %19,71ra, eta Lazkaon, berriz, %15,52tik %29,20ra.
Eta horrek horrela izaten jarrai dezan, Naldaizek errenta aitorpena euskaraz egitera gonbita zabaldu du.
Kanpainako datei dagokienez, hauexek dira aurtengoak:
- Apirilaren 12tik ekainaren 30era herritarrek autolikidazio proposamenak jaso eta onartzeko aukera izango dute.
- Errenta aitorpena internetez edo bulegoan bertan egin nahi dutenek ekainaren 30era arteko epea izango dute horretarako.
- Errenta mekanizaturako hitzordua eskatzeko epea apirilaren 16an hasi eta ekainaren 8an amaituko da.
“Euskarak Goierrin aurrera egin dezan nahi badugu behintzat, garrantzitsua da zergadun euskaldunek aitorpena euskaraz egiteko urratsak egitea; hau da, gutako bakoitzak hizkuntza hautatzeko dugun aukeraz baliatzea”, nabarmendu du Naldaizek.
Beraz, hiru ordezkariek euskararen aldeko aukeraz baliatzera gonbidatu dituzte goierritarrak, “errenta aitorpena euskaraz eginez, euskarari ere aitorpena egiten diotelako”.