• Covid-19ak eragindako pandemiaren datuen bilakaera ona ari da izaten Lazkaon. Hori aintzakotzat hartuta, hartu zen erabakia pasa den ostiralean, azaroak 20, Udal Gobernuak egindako bileran. Jada ostiralean kiroldegiko abonatuei komunikatu zitzaien berria.
  • Lazkaoko Udalak herritar guztiei eskertu nahi die Covid-19aren aurreran erakutsi duten jarrera, are gehiago azken hilabetean hartutako neurri zorrotzen aurrean: “ezbairik gabe, datuen beheranzko joera lazkaotar guztiei esker lortu da, eta hori aitortu eta eskertu egin behar da. Hobeto gaude, baina hobetzen jarraitu behar dugu, eta ezin gara erlaxatu”.

Udalak Kiroldegiko ikastaro presentzialei eta kultur ekitaldi eta zine emanaldiei berrekingo die astelehen honetatik aurrera. Hala erabaki zuen pasa den ostiralean, azaroak 20, Udal Gobernuak egindako bileran. Jada ostiralean kiroldegiko abonatuei komunikatu zitzaien berria.

Covid-19ak eragindako pandemiaren datuen bilakaera ona ari da izaten Lazkaon: 100.000 biztanleko 14 eguneko inzidentzia tasa metatua 648an kokatzen da; 978an Gipuzkoan. Bilakaera onak birusaren hedapena mugatzeko hartutako neurrietako batzuk malgutzea dakar, betiere egun bizi dugun pandemia egoerak eskatzen dituen segurtasun neurri oro zorrotz betetzen jarraituz.

Honela, astelehenetik aurrera, azaroak 23, Joxemiel Barandiaran Udal Kiroldegiko helduen ikastaroak era presentzialean eskaintzeari ekingo zaio, online formatua ere mantenduz. Urriaren 19az geroztik online formatuan eskaini dira lurreko ikastaroak eta etenda zeuden uretakoak. Honela, ikastaroak talde murriztuetan eta Covid-19aren aurrean jarraitu beharreko segurtasun, distantzia eta garbiketa neurriekin ematen hasiko da Udala. Haurren ikastaroak bertan behera jarraituko dute Eusko Jaurlaritzaren 38/2020 dekretuak hala zehaztuta. Behin dekretuak indarra galtzean, haur-ikastaroak era presentzialean abian jartzeko konpromisoa hartu du Udalak.

Horrez gain, kultur agenda berriz ere abian jarriko du Udalak: Areriako asteburuetako zinema emankizunak berreskuratuko dira azaroaren 28tik aurrera, eta kultur-ikuskizunen programazioari bultzada emango zaio ere. Aste honetan zehar emango dira jakitera lehen ekitaldien datak.

Lazkaoko Udalak herritar guztiei eskertu nahi die Covid-19aren aurreran erakutsi duten jarrera, are gehiago azken hilabetean hartutako neurri zorrotzen aurrean: “ezbairik gabe, datuen beheranzko joera lazkaotar guztiei esker lortu da, eta hori aitortu eta eskertu egin behar da. Hobeto gaude, baina hobetzen jarraitu behar dugu, eta ezin gara erlaxatu. Neurri oro zorrotz betetzen jarraitu behar dugu eta orain arte erakutsitako erantzukizun kolektiboa mantendu. Guztion osasuna dago jokoan, eta norberak hartzen dituen neurriek babesten dute Lazkaoko komunitatea”.

Areria